GAUR8

Duela 170 urte jaio zen Saran Alberto Palacio Elizaga, burdinaren arkitektoa

170 bete dira gaur Alberto Palacio Elizaga (Sara, Lapurdi, 1856ko urtarrilaren 24a - Getxo, Bizkaia, 1939ko maiatzaren 11) ingeniaria eta arkitekto aparta jaio zenetik. Bere lanik garrantzitsuena Bizkaiko Zubia da. Hil zenean ‘Kixote’ euskaratzen zebilen.

Bizkaiko zubia izan zen bere lanik ospetsuena.
Bizkaiko zubia izan zen bere lanik ospetsuena. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bizkaiko transbordadore-zubiaren egilea gaurko bezelako egun batean jaio zen, 1856ko urtarrilaren 24an, hain zuzen ere, Saran (Lapurdi). Gordexolako Antonio Palacio Montemayor enpresaburua zuen aita eta Sarako Estefania Elizaga ama.

Gurasoak Mexikon ezagutu eta bertan ezkondu ziren, Antonio Palaciok negozio garrantzitsuak izan baitzituen han. Dena dela, herrialde hartako egoera politiko ezegonkorra zela eta, senar-emazteak Europara itzuli ziren.

Alberto eta anaia nagusia, Silvestre, hara eta hona ibili ziren haurtzaroan, behin Saran, amaren etxean, behin Gordexolan, aitaren jauretxean. Horri esker, hiru hizkuntzatan hazi ziren: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.

Artean gazte-gazteak zirela, gurasoak istripu baten ondorioz hil ziren, eta bi anaiak umezurtz geratu ziren, Epaltza familiaren tutoretzapean, aitaren ahaideak baitziren. Epaltzatarrek landetxe bat zuten Portugaleten, eta anaiek udak eman ohi zituzten Bizkaiko herri horretan.

Bartzelonako Probintziako Arkitektura Eskolan egin zituen unibertsitate-ikasketak, eta eskola hartako lehenengo promozioetakoa izan zen. Parisen amaitu zuen hezkuntza, eta han, Gustave Eiffel eta Ferdinand Arnodinen ikaslea izan zen. Hor landu zuen bere espezialitatea, tirante-zubiak egiten aditu bihurtu zela.

1883an, ikasten amaitu zuen, Bilbon finkatu zen eta, Bizkaiko hiriburuan, Leonor Arana Iturribarriarekin ezkondu zen.

Erromantizismo garaiaren semea izanik, zaletasun asko zituen. Halaber, jakingura eta sortzailea zenez gero, beste alor batzuk ikertu zituen. Madril eta Parisen, esaterako, Astronomia, Geodesia, Medikuntza eta Hegazkintza ikasi eta hainbat hizkuntza ere bai. Hil zenean ‘Kixote’ euskaratzen zebilen.

1890-1893 hirurtekoan, Silvestre anaiarekin batera lan egin zuen gerora bere maisulana izan zena eraikitzen: Portugaleteko transbordadore-zubia, ‘Bizkaiko zubia’ edo ‘Zubi esekia’ izenez ere ezaguna. Lanak hiru urtean egin ziren, eta gorabehera ugari gaindituta, 1893ko uztailaren 28an inauguratu zen.

Alberto de Palaciok egin zuen proiektua, Ferdinand Arnodinekin lankidetzan. 1983tik hona, gutxi gorabehera 650 milioi lagunek zeharkatu dute itsasadarra ontzixkan. Ontzixkak ibili duen bidea eginda, 31 aldiz emango genioke bira Lurrari.

XX. mendearen hasieran, Madrilera joan zen berriz Alberto Palacio, eta han, luxuzko egoitzak, etxebizitzen koloniak, Osram lantegiaren eraikina eta abar diseinatu zituen. Sormen izugarria zeukan. Bestetik, inoiz egin ez zen arren, Bilboko itsasadarraren gainean eraiki behar zen 300 metroko galeria estali baten proiektua landu zuen, 100 metroko garaiera zeukan euskal foruen oroitzapenezko monumentu bat, besteak beste, Bilboko Plaza Biribilean eraiki behar zena.

Bere azken urteetan, aldiz, hegazkintza ikertu zuen. Aireko Nabigatzaileen Espainiako Federazioa fundatu zuen eta estatuko Gerraren Ministerioak utzitako pabiloi itxi batean jardun zuen asmakizun batean lanean.

Gerra Zibilak, ordea, desegin zuen guztia. Palaciok Madrilgo mendietan zeukan etxe batean gordetzen zituen milaka liburu ingeniaritzaz, eta asmakizun eta proiektu guztiak. Etxea behera bota zioten eta Bilboko Zubia ere bai, eztanda batez, 1937. urtean. Osasunak ezin izan zion eutsi eta bihotza urraturik hil zen Areetan 1939an, zubi esekiko burdina apurtuen oinean.

Zientzia-gizon aparta izan zen Palacio, eta zintzo-zintzoa. Portugaleten eman zioten lurra, izugarri maite zuelako hiria eta familiak Portugaleteko hilerrian zuelako panteoia. 1990. urtean Portugaleten zubi transbordadoreen gaineko nazioarteko jardunaldiak egiten zirela, Udalak ‘Puente Vizcaya. Padres y hermanos’ liburua argitaratu zuen, Alfredo Pérez Trimiño portugaletetarrak idatzia.