GAUR8

Gontzal Mendibil kantautoreak 70 urte bete ditu gaur

Gontzal Mendibil musikariak (Zeanuri, 1956) gaur bete ditu 70 urte. Bere ibilbide luzean 22 disko argitaratu ditu, ehunka kontzertu eta zazpika ikuskizun musikal sortu, ekoiztu eta zuzendu ditu. Lorratz luzea eta sakona utzi baitu musiko honek gure imajinarioan.

Gontzal Mendibil, oholtzaren gainean.
Gontzal Mendibil, oholtzaren gainean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Joan den asteazkenean ospatu zituen Bilboko Arriagan, kontzertu batekin, Gontzal Mendibilek musikagintzan emandako 50 urte oparoak. NAIZi eskainitako elkarrizketa batean, bere ibilbide oparo horretan bizi eta ezagutu dituen gertaerak eta pertsonaiak jorratu zituen. Eta gaur ere badu zer ospatu Gontzal Mendibilek, 70 urte betean.

Zeanurin, Gorbeiaren magalean, sortutako musiko honek egin duen ibilbide luzean 22 disko argitaratu ditu, ehunka kontzertu eta zazpi ikuskizun musikal sortu, ekoitzi eta zuzendu ditu. Kantuetariko asko eta asko herrikoi bihurtu dira, hala nola: ‘Bagare’, ‘Merezi ote’, ‘Laster’, ‘Kapitalismoak’, ‘Memorian’, ‘Herria maitatzeko’, ‘Ez bedi galdu euskera’, ‘Ama Gorbeia’...

Lehen diskoa ‘Zaurietatik dario’ (1975) ikonikoa izan zen; kaleratu duen azkena, iaz, ‘Hitza geratzen zait’ (2025) Blas de Oteroren poema musikatuak. Lehen ikuskizun musikala ‘Iparragirre Hegalaria’ (1992) ikusgarria izan zen, azkena, ‘Bijotzean Lauaxeta’ (2025), «gure Lorca»-ri eskainia, berak dioen legez.

Soziologian lizentziatua, ehunka artikulu idatzi –NAIZ eta GARAn haietariko asko–, bi liburu argitaratu ditu –‘Gorbeiako Haizea’ eta ‘Bittor eta Biok’– eta ‘Iparragirre Hegalaria’ bi libururen koordinakuntzaz eta ekoizpenaz arduratu da. Telebistarako programak ere burutu eta zuzendu ditu.