GAUR8

Adingabeak, teknologia eta osasun mentala izango dituzte hizpide EHUko Gipuzkoako campusean

Teknologia berrien eta interneten erabilerak gaztetxoen osasun mentalean duen eragina aztertuko du arlo ezberdinetako profesionalen parte hartzea izango duen saio batek, EHUko Gipuzkoako Campusean. Ostegun eguerdian izango da saioa, eta gurasoek eta gazteek ere hartuko dute hitza.

Irudian, nerabe bat eskuko telefonoa erabiltzen.
Irudian, nerabe bat eskuko telefonoa erabiltzen. (Guillaume FAUVEAU)

Adingabeen artean teknologiaren erabilerari eta osasun mentalari buruzko jardunaldi bat egingo da ostegunean, urtarrilaren 29an, Donostian, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Psikologia Fakultateko Areto Nagusian. Psikiatria, pedagogia, teknologia eta legediaren alorretako adituek teknologia berrien eta interneten erabilerak gazteen osasun mentalean duen eragina aztertuko dute.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, parte hartzaileek sakon aztertu eta eztabaidatuko dituzte gai horiek publiko guztiari irekitako saio batean. The Conversation elkarteak antolatu du topaketa, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzaren laguntzarekin eta Cyber Guardians elkartearekin elkarlanean. Saioa 12.00etatik 13.30era egingo da.

Ekitaldian, EHUko irakasle eta Psikologian doktorean den Juan Manuel Machimbarrenak parte hartuko du, Delia Rodriguez Familia eta Haurren Zuzenbidean espezializatutako abokatuarekin eta Tatiana Iñiguez Zaragozako Unibertsitateko Informazio eta Komunikazio Teknologien dekanordearekin batera.

Eztabaida saioan, profesionalek, osasun mentaleko zein teknologia arloko fundazioek, guraso elkarteek eta gazteek ere hartuko dute hitza, gaiak gizarte osoan duen eragina aztertzeko. Sarrera librea izango da lekuak bete arte.