Norena da New York?

Urtebete baino ez da pasa Trump berriz presidente denetik... eta zer da hau! «Uholdeen estrategia» deitu zion Steve Bannon aholkulariak: neurri, mehatxu eta esku hartzeen kateatze itogarri baten bidez arerioa shockean utzi eta itotzean datza. 2026 hasiera honetan azeleragailua are gehiago sakatu dute eta hortxe gabiltza, ur azpitik burua eta eskua ateratzerako hurrengo erauntsi politiko, ekonomiko, militar eta ideologikoak gainezkatuta.

Tartean, “gure” edo “gureen” garaipenak ospatu eta aztertu ezinda. Zalantzarik gabe, horietako bat izan da Zohran Mamdani sozialistak New Yorken lortutakoa. Haren inbestidurako hitzartzea ikusi nuen, eta gaurkoan hori aipatu nahiko nuke, iniziatiba berreskuratu eta halako garaipenak zabaltzeko gako interesgarriak eskaintzen dituela iruditu zitzaidan eta.

«Norena da New York?». Hori da Mamdaniren diskurtsoa ardazten duen galdera. Haren esanetan, belaunaldi orok galdera hori erantzun behar izaten du, eta horren arabera norabide bat edo beste hartzen du. Alkate berriaren erantzuna argia da: «New York newyorktarrena da, bertan bizi diren guztiena», jatorria edo erlijioa gorabehera. Eta norena ez? Horien gainetik daudela uste duen «%1arena». Hori kontuan izanik, herrikideei hiria berreskuratzeko deia egiten die, 100.000 laguneko boluntario-sare bat antolatuz.

Zertarako berreskuratu? «Hiria etxe bihurtzeko». Mezu eder bezain potentea da, babes eta erroen behar primarioari erantzuten diona. Gaur egun are premia gordinagoa bihurtu da. Izan ere, Ainhoa Ozaetaren hitzetan, «globalizazio neoliberalak lokala denaren eta komunitarioaren sentsazioa apurtu du. Herri izaera eman duten gauza asko desagertu dira: auzoetako bizitza eta dendak, plazetan egon zitezkeen mugimendu ezberdinak... Etxekotzat hartzen genuen espazio hori galdu egin da». Ultraeskuinak, hain zuzen, samin horixe kapitalizatzen du, iraganeko nostalgia elikatuz eta «bertakoak» eta «arrotzak» bereiziz.

Horren aurrean, kezka horri entzungor egin beharrean, berau lehiatzeko apustua egiten du Mamdanik, bakardadearen hoztasunaren aurrean «komunitatearen berotasuna» eskainiz. Hau da, «etxe» bat, bertan bakoitza «unibertso oso bat» izan ahal izateko. Etorri berrien kontra beharrean horietatik abiatzen da, ordea, «%99ak» aterpe fisiko eta sinboliko bat izan dezan.

Horretarako, Mamdanirentzat, «ez-lekurik eta ez-jenderik gabeko hiria» eraiki beharko da. Alde horretatik, deigarria iruditu zait jendea interpelatzeko modua. Mamdanik bere burua sozialista gisa definitzen du, eta hala gobernatzea agindu du, konplexurik gabe. Hala ere, bere diskurtsoa ez da abiatzen “gu, sozialistok” oinarritik, jende xehearen eguneroko ezin eta desiretatik baizik, era zinez grafikoan: «elikatzen gaituztenak», «etxe estuetan bizi direnak», «belaun urratuak dituzten kale-saltzaileak», «presa izan arren metroan aldamenekoari haur-kapota igotzen laguntzen diotenak»... -ildo horretan, ikustekoa da Alderdi Berde ingelesak egin berri duen spota-. Bide batez, interesgarria da lur zati bat lurralde egiten duten osagai kultural eta herrikoiak nola artikulatzen dituen.

Azpimarratu den bezala, hori guztia programa ulerterraz eta anbiziotsu batean sintetizatzen du: doako garraioa, haurtzaindegi unibertsalak, alokairuen izoztea, soldaten igoera. Ezinbestekoa da hori. Nire ustez, ordea, errelato kolektibo horren barruan ez bada, programa horrek bere kabuz ez du nahikoa indarrik. Errelatoa ez da jantzi apaingarri bat, baizik eta soluzio horiei zentzua ematen dien marko orokorra.

Amaitzeko, Mamdaniren estilo jostalari eta alaia ez zait osagai anekdotikoa iruditzen. Gorroto dut happycracia, zoriontsu izan eta agertzeko betebehar morala. Hala ere, Gorka Urbizuk dioen bezala, krudelkeriaren, etsipenaren eta zinismoaren aurrean, samurtasuna «kasik arma politikoa» bilakatzen ari da. Trumpistek matoien erotika gerrazalea zabaldu nahi duten honetan, bizipoza irradiatu eta horretarako baldintza partekatuak eraikitzea iraultzailea da. •