
Gasteizko Liburutegien Udal Sareak irakurzaletasuna bultzatzeko publiko guztiei zuzendutako 69 kultur jarduera eta ekintzen programa antolatu du otsailetik maiatzera bitarte gizarte etxeetako liburutegietan.
Izen-emateak jarduera bakoitza baino bi aste lehenagotik egin ahal izango dira edozein gizarte etxe edo kirol instalaziotako informazio zerbitzuan eta udal webgunean.
Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, haurrei eta familiei zuzendutako 35 jarduera ditu egitarauak, hala nola ipuin kontaketak, antzezlan txikiak, haurtxoentzako kontzertuak edota askotariko tailerrak.
«Irakurketa sustatzea, literaturara hurbiltzea eta irakurtzeko ohitura hartzea» bilatzen dute programazioarekin. Gainera, familia osoarentzako ikaskuntza espazio partekatuak sortzen dira, eta bertan hainbat balio lantzen dira, hala nola naturarekiko errespetua, adiskidetasuna, aniztasuna, tolerantzia, berdintasuna, zainketen garrantzia. Hori guztia, artearen, jolasaren, musikaren, jakin-minaren eta irudimenaren bidez», azaldu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.
Gazte eta helduek ere tokia izango dute programazioan, 34 jarduerarekin: besteak beste, liburu aurkezpenak, literatur topaketak, mahai inguruak, ipuin kontaketak, poesiako eta flamenkoko errezitaldiak, hitzaldiak, antzerkia, musika, bakarrizketa, magia, kontzertua eta txokolate dastaketa prestatu dituzte edizio berri honetarako.
Era berean, liburu aurkezpenak ere izango dira Gasteizko gizarte etxeetako liburutegietan. Zehaztu dutenez, zazpi programatu dira ibilbide literario handiko egileekin eta horren ezagunak ez diren beste batzuekin. Orobat, gaurkotasun handiko eta interes sozialeko gaiei buruzko hitzaldiak antolatu dira.
‘Azala’ nanoipuinetan
Bestalde, Gazte Hitzak ipuin eta nanoipuinen lehiaketak lanak aurkezteko epea ireki du. Aurtengo edizioko baldintzetako bat izango da testuetan ‘azala’ hitza sartzea. Lehiaketa 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta proposamenak martxoaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dituzte.
Gazte Hitzak lehiaketa Sortzen gazte sorkuntzako programaren barruan dago, eta Gasteizko Udaleko Kultura eta Gazteria zerbitzuek antolatzen dute Liburutegien Sarearen bidez, Laboral Kutxaren eta IDarte Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Eskolaren laguntzarekin.

«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian

«Nire buruari baimena eman diot hasieratik txapelari begiratzeko»

«Finalean Euskal Herri osoko publikoa izan arren, ez dut ahaztu nahi non garen»

«Euskal Herrikoan kantatzea ederra litzateke, Xalbadorren garaitik ez da baxenabartarrik»
