
Eibarren Ikasenpresa Azokaren 15. edizioa egingo dute bihar (otsailaren 5ean), eta aurreko edizioekin alderatuta, hitzorduak ikasleen parte hartzea bikoiztu duela azpimarratu dute. Emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako 61 ikastetxetako 3.000 ikaslek baino gehiagok ikasturtean zehar garatu dituzten 622 proiektu ekintzaile aurkeztuko dituzte bertan.
Berrikuntza gisa, Ikasenpresa Azoka laurtengo edizioan lau karpa tematikotan antolatuko da, hiriko hiru gunetan banatuta: Unzaga, Txaltxa-Zelai eta Errebal Plazia.
Proiektuak eremu profesional handien arabera antolatzeko aukera emango dute horrela, hala nola industria eta fabrikazio aurreratua, digitalizazioa eta konektibitatea, merkataritza eta mugikortasuna, eta ongizatea.
Ikasenpresa Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak bultzatutako programa bat da, Lanbide Heziketan kultura ekintzailea sustatzeko, erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboaren ereduan integratua.
Ekimenaren bidez, ikasleek beren ideia ekintzaileak sortu eta kudeatzen dituzte ingurune praktiko eta errealista batean, gaitasun giltzarriak garatuz –hala nola talde lana, berrikuntza, erantzukizuna eta komunikazioa–, eta balioa emanez beren espezialitate teknikotik, pertsonen bizi kalitatea eta ingurunearen ongizatea hobetzeko.
Eibarko azoka da prestakuntza prozesu horren «unerik gorena», eta, hezkuntzaren ikuspegitik, enpresa simulazio bat ere bada. Aurkeztuko diren produktuak eta zerbitzuak benetakoak izango dira, sektore profesional jakin batzuei lotuta egongo dira eta egungo behar sozial, teknologiko eta produktiboei erantzungo diete, ikastetxeetako irakasleen laguntzari esker.

«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian

«Nire buruari baimena eman diot hasieratik txapelari begiratzeko»

«Finalean Euskal Herri osoko publikoa izan arren, ez dut ahaztu nahi non garen»

«Euskal Herrikoan kantatzea ederra litzateke, Xalbadorren garaitik ez da baxenabartarrik»
