GAUR8

Ana Betancourt, kubatar abertzale kementsua eta emakumeen eskubideen bultzatzailea

Duela 125 urte zendu zen Madrilen Ana Betancourt kubatar abertzalea, bat-bateko bronkoneumoniak jota. Uhartera itzulerarako prestatzen ari zen, baina urte luzeetan Kubaren independentziaren alde egindako borrokak eragina izan zuen emakume kementsu eta aurreratu honengan.

Ana Betancourt heroi bat da Kuban.
Ana Betancourt heroi bat da Kuban. (CAMAGÜEYEKO UNIBERTSITATEA)

Latinoamerika eta Kubako emakumeen emantzipazioaz mintzatzean, nahitaez izen bat aipatu beharko genuke: Ana Betancourt (Camaguey, Kuba, 1832ko abenduaren 14a – Madril, 1901eko otsailaren 7a). Kubako independentziaren borroka antikolonialistetan, emakumeon askatasuna aldarrikatu zuen abertzale kementsu honek. 

Familia kreole aberats batean jaioa, txikitatik Ana Betancourt musikan, erlijioan, brodaketan, joskintzan eta etxeko ekonomian trebatua izan zen.... hau da, garaiko emazte ‘zintzo’ batek ‘behar’ zituen ikasketak eman zitzaizkion. Baina berak gehiago nahi zuen. 

Uhartean Hamar Urteko Gerra piztu zenean –Espainiako indar kolonialen aurka egin ziren hiru gerretatik lehena–, Anak 14 urte zeramatzan Ignacio Mora de la Perarekin ezkonduta. Ez zen garaiko ohiko gizona: etxean antolatzen ziren tertulietan emaztea aktiboki parte hartzera bultzatu zuen; ikasketak egin zezan lagundu zion ere. Bere kasa ikasi zituen Anak ingelesa eta frantsesa, baita gramatika eta historia ere.

Hamar Urteko Gerrak izaera antiesklabista, antikolonialista eta nazio askapenekoa zuen. Bikotea buru-belarri sartu zen. Hasi bezain laster, Ignacio gudu-zelaira joan zen; Anak iraultzailearekin zuen lotura ekintza ugaritan gauzatu zen: etxea aterpea bihurtu zuen; bertan elikagaiak, armak eta gerrako tresnak gorde zituen...

Bi hilabeteren buruan, Ana Betancourt Espainiarentzat arriskutsua bihurtu zen eta,  bere kontra atxilotze-agindua eman zenean, 1868ko abenduaren 4an, mendira ihes egin zuen, non Ignaziorekin eta gainerako tropekin elkartu zen.

1869ko apirilean aldarrikatu zuten iraultzaileek Kubako lehen Konstituzioa eta han, unearen garrantziaz jabetuta, Anak eskaera bat luzatu zien legegileei: Errepublika ezarri bezain laster, emakumeei justiziaz zegozkien eskubideak eman ziezazkietela.

Hauek bere hitzak: «Hemen dena zen esklabo; jaiotza, kolorea eta sexua. Hil arteko borroka honekin sehaskatik datorren esklabotza suntsitu nahi duzue. Kolorearen esklabutza suntsitu duzue esklabuak askatuz, baina emakumea askatzeko unea iritsi da». 

1871ko uztailaren 9an, Ana Betancourt harrapatu eta preso hartu zuten. 90 egunetan lotuta izan zuten, baina, gau batean, ihes egitea lortu zuen.

Kubatik alde egin eta, Jamaikan zegoenean, espainolek senarra matxetakadaz erail ziotela jakin zuen. Senarraren heriotzak, urteetako borrokak, erbestealdiak eta borrokako urteek bere osasuna urratu zuten.