Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Debekatu behar denaz

Ez daukat Whatsappik, eta Telegram soilik bi sare horietan egiten dugun lana monitorizatzeko erabiltzen dut. Madrilgo Gobernuak sare sozialen eta nerabeen inguruan egindako proposamenei buruz ohartaraziz Telegramek kontu guztietara mezu masibo bat bidaltzea erasokorra eta argigarria iruditu zait. Elon Musken erreakzioa espero liteke; Pavel Duroven mezuak ezohikoagoa dirudi.

Enpresa batek egindako esku-hartze politiko zuzena da. Askatasunaren izenean eta gizarte-zaintzaren aurka hitz egiten duen arren, pertsonen pribatutasunarekin negozioa egitetik bizi diren, legeen gainetik dauden eta kontrol demokratikoa saihesten duten enpresez ari gara. Beste enpresa batzuek duten erantzukizun bera ez duten enpresak, hain zuzen ere. Adibidez, ez dute komunikabideok dugun ardura.

“Delfi auziari” buruzko Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaian -Estoniako komunikabide bat da Delfi-, hedabide digital bat erabiltzaileen iruzkin iraingarrien erantzuletzat jo daitekeela ezarri zen 2013an, baldin eta iruzkin horiek moderatzeko edo azkar kentzeko neurri egokiak hartzen ez baditu. Estrasburgok ulertu zuen iruzkin horiek hedabideak sortzen dituen edukiekin lotuta daudela eta adierazpen-espazio horretatik onura ekonomikoa ateratzen dela.

Doktrina hori sare sozialei aplikatuz gero, bakar bat ere ez litzateke aste bat baino gehiagoz zabalik egongo. Hala ere, enpresa teknologikoek jakinarazi dute edukien moderaziorako eta egiaztapenerako lantaldeak desegin dituztela. Berriro ere, adierazpen-askatasunaren izenean ari dira, iraintzea edo jazartzea eskubide bat balitz bezala.

Sare sozialen arazoei buruz Pedro Sanchezen analisiaren zati handi bat partekatzen dudan arren, nerabeei sarbidea debekatzearekin zalantzak ditut. Aldi berean, berandu ari garela uste dut. Oro har, gauzak debekatzea baino nahiago dut gauzak arautzea. Kalteen murrizketarako politikek, beste ildo proaktiboago batzuekin uztartuz, emaitza hobeak ematen dituztela nabarmena da. Eztabaida honetatik harago, argi dago moratoriak politika publikoen ohiko tresna izan beharko liratekeela.

Teknologiaren auzian, Cesar Renduelesen baieztapen honekin bat nator: «Haurtzaroaren edo gaztaroaren arazoak teknologia gehiagorekin konponduko ditugula esatea bezain inozoa eta kaltegarria da hura erabiltzeko aukera kenduta lortuko dugula sinestea». Eskolako digitalizazioa aipatzen du, eta hor nahikoa denbora igaro da balantzea egiteko eta erabakiak birbideratzeko. Renduelesek Kataluniako Haurren eta Nerabeen Eskubide Digitalen Manifestuaren esperientzia aipatzen du. Genero-ikuspegia txertatuz, guretzat aztertzeko moduko esperientzia izan daiteke. Erakundeek ez baitute asmatu gazteriaren inguruko gaiak bideratzen. Gazteria gaizki tratatzera daraman paternalismoaren, babeskeriaren, zigorraren eta axolagabekeriaren nahasketa bitxia ematen da.

Bizitza publikoan seme-alabek hartu duten izaera sakratuak ere ez du laguntzen gaion inguruan lasaitasunez eztabaidatzen. Joera hori kontraesankorra da, ikuspegi kultural zabalago batean, gure jendarteetan heldutasunari ematen zaion balio eskasarekin. Eta ez naiz nerabeez ari, haien tutoreez baizik.

Hau guztia eztabaidagarria da, jakina. Eztabaidaezina dena, ordea, oligopolioa da, plataforma teknologikoen praktika kultural, ekonomiko, sozial eta politiko onartezinak, gozatzen duten inpunitatea eta metatzen utzi zaien botere arriskutsua. Hori bai debekatu behar dela, lehenbailehen gainera. •