Zahartzaroa
Zaharra izatea ez zait askorik gustatzen, baina zahartzaroa, oro har, betidanik irudikatzen nuen modukoa da, anbizio handirik gabeko bizimodu bat, liburu gehiegi dagoen etxe batean, itsasotik oso gertu, tarteka bilobak agertzen direla, etxe inguruan baloi bat soltatu eta korrika txikiak egiten ibiltzeko.
Zahartzarotik gehien harritzen nauena, ordea, gauez amets egiten dugunean askoz ere gazteagoak izatea da. Eta boladatan lanerako erakusten dudan joerak ere harritu egiten nau: gai naiz goizean erreportaje distiratsu bat eta arratsaldean elkarrizketa luze bat egiteko. Hainbeste joan-etorrirekin erabat nekatuta esnatu ohi naiz goizaldera eta hasten naiz pentsatzen zer-nolako kazetaria izango nintzatekeen gaur egun eta izuak hartzen nau, badakidalako gauzak nola aldatu diren: bertsio bat idatzi beharko nuke digitalerako eta beste bat, laburragoa, papererako eta, nork daki, beharbada presaka joan beharko nuke segidan irratiko tertulia batera eta, benetan, ez dut nire burua ikusten mikrofonoaren aurrean honetaz eta hartaz ordubete isildu gabe kalakan.
Badakit lan-baldintzek okerrera egin dutela eta txolarteetan podcast bat egiteko eskatuko lidakeela zuzendariak eta ez nukeela jakingo zer egin. Edo, horretan seguru nago, zutabe sasi-literarioak modatik pasata daudela eta nik ere iritzia egiten, uste dut horrela esaten dutela, hasi beharko nukeela; hasi beharko nuke Groenlandiaz, Trumpez edo, okerragoa dena, Julio Iglesiasi buruz edo txertoen auziaz edozer gauza esaten.
Eta auskalo, soldata urri samarrekin ibiliko nintzatekeenez, norbaitek esango lidake ea zergatik ez dudan youtuberren munduan edo influencer gisa frogaren bat egiten, «baina zer saldu behar dut?», galdetuko nioke eta neure burua, neure burua saldu behar dudala erantzungo lidake, sare sozialak horretarakoxe direlako, benetakotasuna, marka pertsonala, azken batean geure burua saltzeko. Baina ez ditut, bada, nire mugikor kaxkarrekin egunean zehar egiten ditudan zertzeladak grabatzen, ez dut neure burua irudikatzen? Azkenean hasiko nintzateke zahartzaroarekin amets egiten eta bene-benetan nahi nuena hauxe dela ulertuko nuke, anbizio handirik gabeko bizimodu bat, liburu gehiegi dituen etxe batean, itsasoa oso gertu dudala eta biloba batzuk, tarteka baloi arin bat soltatu eta korrika txikiak eginez ibiltzeko. •



