GAUR8

Pasaian 115 haur eta nerabe elkartu dira gazteen partaidetza aktiboa bultzatzeko

Pasaiako 10 eta 16 urte bitarteko 115 ikaslek hartu dute parte Eskubidean planaren VI. Saio Bateratuan, kezkak eta beharrak partekatu, partaidetza bultzatu eta barruti bakoitzean dauden proiektu esanguratsuenen inguruko informazio zuzena transmititzeko. 

Herriko haur eta gazteei zuzendutako Eskubidean planaren azken saio bateratua, irudian.
Herriko haur eta gazteei zuzendutako Eskubidean planaren azken saio bateratua, irudian. (Pasaiako Udala)

Eskubidean planaren VI. Saio Bateratua egin dute Pasaian, 10 eta 16 urte bitarteko 115 haur eta neraberen parte hartzearekin. Euren kezkak eta beharrak landu dituzte eta ikasturtean zehar garatutako proiektuak erakutsi dizkiete udal ordezkariei eta langileei.

Teo Alberro Pasaiako alkatearen esanetan, Eskubidean plana «Udalaren tresnarik indartsuena» da «haur eta nerabeen ahotsa zuzenean entzuteko eta haien nahi eta beharrak udal politiketan txertatzeko».

Izan ere, herriko espazio eta konponketa beharrak, horien artean lehentasunezkoak denak eta egingarriak direnak zehaztu dituzte, eta «barrutietako jai egitarauak osatzeko zein ekintzak antolatzeko prest leudekeen» adierazi dute. Era berean, kazetaritza lanean aritu dira, saioaren bideo-kronika egiteko eta gazteei zuzendutako udal zerbitzuak gertutik ezagutzeko.

Barrutika antolatu da saioa, eta «barruti bakoitzean eruen adinekoei zuzendutako kultur ekintzak antolatzeko helburuarekin, elkarrekin pentsatzen eta lanean aritu dira», azaldu dutenez. Udal Gobernuak, bestalde, «barruti bakoitzeko proiektu esanguratsuenak aurkeztu dizkie».

«Plan honen bidez, haur eta nerabeei entzuteaz gain, haiek Pasaiaren oraina eta etorkizuna eraikitzeko eragile aktibo bihurtzen dira. Haien begirada ezinbestekoa da herri justuago, inklusiboago eta hezitzaileago bat eraikitzeko», adierazi du alkateak. 

Urtero egiten den topaketa hau aukera da, bestalde, Udalaren eta gaztetxoen arteko «harremana sendotzeko, elkar ezagutzeko eta elkarrekin lan egiteko».