
Stefan Zweig-ek idatzi zuen: «Dostoievski zendu da. Hotzikara batek zeharkatu du Errusia. Dolu isilaren une bat. Gero uholde bat bihurtu da: aldi berean eta aurretik inolako akordiorik ez zegoen arren, hiri guztietatik, baita urrunenetatik ere, ordezkaritzak gerturatu dira idazleari azken tributua ematera».
30.000 bat lagun elkartu ziren, orduko kroniken arabera, San Petersburgon Alexandr Nevskiko monasterioan nobelagile errusiarrari eman zitzaion azken agurrean. 59 urte baino ez zituen, baina bizitza –bere nobeletan islatuko zena– korapilatsua izan zuen: eskizofrenia, epilepsia, ludopatia... hauek izan zituen gaitz batzuk. Bere hilobian grabatutako epitafioak honela dio: «Egia esan, benetan diotsuet, gari-alea lurrera erori eta hiltzen bada, bakarrik geratuko da; baina hiltzen bada, fruitu asko emango ditu».
Fiodor Mikhailovitx Dostoievskik (Mosku, 1821 - San Petersburgo, 1881) nahiz eta bere nobeletan gai sakonak jorratu, idazlea bera oso pertsona arrunta zen, arazo ugari zituena eta hamar urtez preso egona. Aita sendagilea zuen, eta ama oso gaztea zela hil zitzaion. San Petersburgon ikasle zegoela jakin zuen etxeko laborariek berek hil zutela aita bere gogorkeriagatik. Albiste horrek ekarri zion lehen epilepsia aldia, aipatzen du Armiarmak (euskarara ekarrita daude egile honen nobela batzuk).
Ofizial militar bihurtu zen 1843an, baina bere kargua utzi zuen ondoko urtean. 1844an idatzi zuen ‘Gizagaixoak’ (1846an argitara emana), bere lehen eleberria. 24 urte zituela, ospetsu bihurtu zuen eta ‘bigarren Gogol’ gisa katalogatu zuten egilea. Liburu horretan agertu zen, halaber, Dostoievskik bere lan guztietan zapalduen alde erakutsi zuen errukia.
Gazte liberalen taldeko partaide legez –Petrashevski Zirkulua deitzen zen, tsarren autokraziari amaiera ematea helburu zuen komunitate intelektuala–, 1849an preso hartu eta hiltzera kondenatu zuten. Fusilatu behar zuten mementuan iritsi zen Dostoievskirentzat barkamena agintzen zuen ordena.
Siberiara eraman zuten –1853an askatu zuten–; bertan Biblia beste libururik ez zuen izan eta, erlijio krisi baten ondoren, fededun bihurtu zen. ‘Umilduak eta irainduak’ (1861ean idatzia) obraren ondoren, ‘Krimena eta Zigorra’, eta ‘Jokalaria’ eleberri handiak argitaratu zituen.
1867an, eri eta zorrez beterik, Alemania eta Italia aldera jo zuen. Jokalari porrokatua izaki, zeukan diru apurra ahitu zuen jokoan. Baina idazten jarraitu zuen, 1880an ‘Karamazov anaiak’ eleberria eman zuen argitara, beste guztien artean, onena bere irudiko. Dostoievskik gizonaren bihotzaren zoko ilunenetan zegoena kanporatzen asmatu zuen; psikologia azaltzeko erakutsi zuen trebetasunak, une distiratsu zenbaitekin batera, XX. mendeko eleberrigintzan eragin sakona izan du.
«XIX. mendeko benetako profeta ez zen Karl Marx izan, Dostoievski baizik», esan zuen behin Albert Camusek.


