
Izena emateko epea irekita dago EHUazoka Unibertsitate Orientaziorako Azokaren Bilboko informazio saioeta. Azoka larunbatean egingo da, otsailaren 14an, Bizkaia Aretoan eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko).
EHUk graduko ikasketen eskaintza zabaltzen eta modernizatzen jarraitzen du, prestakuntza espezializatuaren eta kalitatezkoaren eskaera sozialari erantzuteko helburuarekin. Bide horretan, 108 gradu eta 100dik gora graduondo eskainiko ditu EHUk ikasturte honetan, ezagutza esparru guztietan.
Eskaintza osoa ezagutarazteko, EHUazoka Unibertsitate Orientazioko Azokak egiten dira hiru larunbatetan jarraian, eta. Aurreko asteetan Donostiatik eta Gasteiztik igaro ondoren, azkena Bilbon egingo da larunbatean, otsailaren 14an, 09.00etatik 14.00etara.
Bizkaia Aretoan, osasun zientziei buruzko informazioa eskainiko duten standak eta informazio saioak izango dira, eta Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, aldiz, Arte eta Giza Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura eta Zientziak arloei buruzkoak.
EHUazokako erakusmahaietara sarbidea librea da, baina derrigorrezkoa da izena ematea informazio saioetara joateko, astelehen honetatik ostiralera, otsailaren 9tik 13ra. Plazak agortu arte egongo da zabalik informazio saio bakoitzeko izen-ematea ekimenaren web orrian.
Aurten, gainera, graduondoko stand espezifikoa jarriko da, prestakuntza eskaintza osoari buruzko informazioa ezagutzera emateko. Masterrei eta EHUren etengabeko prestakuntza eskaintzari buruzko informazio saio orokorra ere egingo da azoka bakoitzean.


