
Gaurko egunez hil zen, orain dela 30 urte, Santi Onaindia idazle eta itzultzailea, eta karmeldarra, edo alderantziz; izan ere, Luis Baraiazarra eta Julen Urkizak Bidegileak bildumako “Santiago Onaindia” lanean hala diote: «Haren nortasunaren funtsa ezaugarri bi hauetan datza: alde batetik, karmeldar elizgizon-fraide izatean, eta bestetik, euskal letretako gizona izatean. Bietan ere lan ugari egindako gizona dugu».
Urkizaren hitzetan, langile aspergaitza izan zen, eta hala erakutsi zuen olerkari, itzultzaile, bertsolaritzaz eta batez ere euskal literaturaz egindako hainbat libururen egile gisa. Era askotako gaiak jaso zituen bere idazlan ugarietan. Haietan ezagunena, “Mila Euskal Olerki Eder”, Joseba Intxausti euskaltzale handiak idatzi zuenez, oso berezia izan zen: «Aurrean jarri zigun euskal literatura bat egon zela, mendeetan zehar. Hizkuntza bat bazegoela, eta literatura bat. Hori oso garrantzitsua izan zen. Kontu egin oraindik euskal literaturaren historiarik ez genuela ezagutzen. Santi Onaindiak hori eskuetan jarri zigunean, esan genuen: bagara kapaz literatura egiteko hizkuntza honetan! Egin dugu! Datu historiko hori, niretzat behintzat, munta handikoa izan zen».
Aita Santiago Onaindia Baseta Amoroton (Bizkaia) jaio zen 1909ko martxoaren 24an. Larrean egin zituen lehen eliz ikasketak eta ondoren, Markinan, Gasteizen eta Begoñan apaiz ikasketak osatu. 1934an apaiztu zen.
Gerra aurretik, “Euskal-Esnalea”, “Karmen'go Argia”, “Pyrenaica”, “Ekin”, “Yakintza”, “Eguna” eta “Euzkadi” aldizkarietan idatzi zuen.
Gerra hasi zenean, gudarien kapilaua izan zen, eta faxistek harrapatuta, kartzelan egon zen hiru urtez. Berak kontatu zuen: «Emen atzilotua, El Dueso'n 1937-8-26'tik 1938-11-12'ra arte. Gero, apaiz eta praille gudari kapellau ta beste batzuk mordoa egiñik, Oka'ko Nanklares'en, Venta de Baños'en eta Karmona'n, osatu genduen iru urteko kartzela egotaldia».
1957an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 1979an, ohorezko euskaltzain. 1991tik EIZIEko ohorezko bazkidea izan zen.
1996ko otsailaren 11n hil zen Euban (Bizkaia), bere bizitzan zehar obra oparoa idatzi ondoren. Esandako “Milla euskal-olerki eder” (1954) lanaz gainera, bakan batzuk aipatzearren, honakoak argitaratu zituen: “Euskal literatura” (1972-1990), “25 antzerki labur” (1985), “Enbeita okerkaria (1878-1942)” (1966), eta Grezia eta Erromako klasikoen eta beste garai batzuetako egileen hainbat itzulpen, besteak beste.


