GAUR8

Sanrokeetako hiru kontzertu aukeratzen ari dira Laudioko herritarrak bozketa bidez

Laudioko jaietako hiru egunetako kontzertuak aukeratzeko bozketa herrikoia abiatu du Udalak, Sanrokeetako hiru egun seinalatu horietan –jaien lehen igandea, kuadrilen eguna eta baserritar eguna– nork joko duen herritarrek erabaki dezaten. Bost aukeren artean erabaki behar dute.

Süne musikaria dago bozketara eramandako aukeren artean.
Süne musikaria dago bozketara eramandako aukeren artean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Laudioko Udal Gobernuak bozketa herrikoia jarri du abian udal webgunean, hurrengo Sanrokeetako hiru kontzertu aukeratzeko. Bozketa astelehenean ireki zuten eta astelehenera arte jasoko ditu botoak.

Abuztuaren 16, 27 eta 28ko kontzertuak dira bozketara eraman direnak. Udal arduradunen hitzetan, «jaiak modu herrikoian eraikitzeko» apustua berresten du ekimenak, «herritarren iritzia eta lehentasunak erdigunean jarriz, udal politika herrikoia era irekia sustatzeko helburuarekin».

Udalak egun bakoitzeko ematen dituen bost aukeren artean erabaki behar dute laudioarrek. Abuztuaren 16rako, hots, jaien lehen iganderako Reincidentes, Talco, Non Servium, Koma eta Rebroteren artean kontzertua zeinek emango duen erabaki beharko dute.

Abuztuaren 27an, kuadrilen egunean, Süne, Mirua, Janus Lester, Xiberoots eta Bengoren artean erabaki behar dute, eta baserritar egunerako, Iseo & Dodosound, Nil Moliner, Isabel Aaiun, Canteca de Macao eta Marion proposamenen artean erabaki behar dute.

Botatako proposamenak ez dira ausazkoak. Sonia Respaldiza Jaietako zinegotziak azaldu du «proposatutako musika taldeak Jai lan taldearen bilera irekietan landutakoak» direla. Parte hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu du, «jaiak benetan guztionak izan daitezen». Aipatu du, gainera, honelako prozesuek Udalaren eta herritarren arteko «elkarlana sendotzen» dutela.

Kontzertuak bozkatzeko prozesua online izango da Udalaren webgunearen bitartez, baina aurrez aurre bozkatzea nahiago dutenek Udaletxeko sarreran aurkituko dute Herri Laguntzaileak udal langileen laguntzarekin.