
Herriko memoria industriala eta sozialaren ikuspuntutik altxor bat den funtsa eskuratu du Galdakaoko Udalak, Dinamita lantegiko irudi historiko multzo bat lortu baitu, irudi horiek digitalizatu eta webgunearen bitartez herritarren eskuetan jarri ditu.
Maxamgroup enpresarekin elkarlanean garatutako proiektuari esker, «mende bat baino gehiagoko historia modu librean» kontsultatu ahal izango dute herritarrek.
Udalak eta enpresak sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorioz, 161 argazki digitalizatu, deskribatu eta sailkatu dituzte. Zehaztu dutenez, enpresaren artxibo historikotik datoz irudi gehienak.

1880. urtetik pasa den mendeko 80ko hamarkadara doan denbora tartekoak dira irudiak. Sociedad Anónima Española de la Pólvora Dinamítica-Privilegio de A. Nobel (SED) izenarekin jaio zen proiektuaren hazkundea erakusteaz gain, irudiek «Galdakaorekin izan duen lotura sakona» erakusten dutela azpimarratu dute.
«Izan ere, bere jarduera industrialaz harago, enpresak langileen kolonia bat eraiki zuen, ekonomatoa, eliza eta ikastetxe propioak barne, lana eta bizitza soziala uztartzen zituen testuingurua sortuz», gogoratu dute Udaletik, eta nabarmendu dute horrek herrian izan zuen eragin «izugarria», argazki bakoitzean islatuta agertzen dena.
Argazkien artean dinamitariei eskainitako irudiak daude. Lan prozesuan funtsezko papera k¡jokatzen zuten emakume horiek, dinamita kartutxoetan sartzearen ardura baitzuten. Udaletik nabarmendu dutenez, langile horiekiko aitortza ere bada funtsa, eta komunitatearen historia osatzeko pieza handi bat, nortasun eta memoria kolektiboaren ikurra izan baita Dinamitako lantegia.
Nobel Fundazioarekin harremanetan
Udalak jakitera eman du «ondare historikoa berreskuratu eta zabaltzeko lan honen baitan», Suediako Nobel Fundazioarekin harremanetan daudela. Azaldutakoaren arabera, fundazioak kontuan izango du Galdakaoko funtsa hau bere jarduera kultural eta dibulgatzaileetan, etorkizuneko erakusketa, ikerketa edo ekimenetan.
Horrela, Maxam enpresaren artxibo historikoaren ikusgarritasuna Alfred Nobelen jaioterriraino hedatuko da; haren izena daramaten sarien sortzaileak lotura estua izan baitzuen Galdakaoko lantegiarekin.


