GAUR8

Leon Dongaitz pilotari mitikoa gaur 140 urte jaio zen

16 urte zituenean hasi zen pilotari profesional gisa eta, 20. hamarkadan, ‘Trinketeko Erregea’ deitu zioten kazetariek. Charlie Chaplin eta Maurice Ravel ezagutu dituen, Txirritak bertsoak bota zizkion eta Sozialista Iraultzaileen zerrendan aurkeztu zen Leon Sortzabal ‘Dongaitz’ pilotari urruñarra.

Leon Dongaitz, Charles Chaplinekin.
Leon Dongaitz, Charles Chaplinekin. (Baionako Euskal Museoko Bilduma)

Leon Sortzabal ‘Dongaitz’ Urruñan sortu zen ( 1886ko otsailaren 13 - 1979) pilotarien familia batean. Dongaitz goitizena zen, sorleku zuten Dongaitzenia etxetik zetorkien etxekoei.

Gazte-gaztetatik nabarmendu zen trinketetan: 1902. urtean, Janbattitt anaiarekin, Piztia eta Urzelai pilotari ezagunak garaitu zituzten; urte beteren buruan, Urzelairi eta Porteñori gailendu zitzaizkien. Hortik aurrera, Ezpeletako, Kanboko, Donapaleuko eta Donibane Lohizuneko frontoietan ibili eta, azkenean, plaza handi batera joan zen, Donostiara. 

Han, ibilbide mitiko bati eman zion hasiera: Donostiako plazako izar bihurtu zen eta hantxe ere, bere anaiarekin batera, 1908an, Primitivo eta Urzelai garaitu zituzten. 1913an, Donostiako trinket modernoa zabaldu zenean, bertan aritu ziren partida ahaztezin baten protagonista bihurtuta.

«Pilotariak heroiak izan dira euskaldunen artean, eta horietako ainitz, mito bilakaturik, igaro dira gure historiara», idatzi zuen Joseba Aurkenerenak NAIZen argitaratu 2016an argitaratu zen artikuluan, eta ez zitzaion arrazoia falta. 

1921ean, Donostian ere, Mondragonesen aurka aritu zen, pilotaren historiara pasatu den partida ahaztezin batean. Urte berean, Leon Dongaitz eta Zapaterito Mondragones eta Puxant-en aurka... orduko kroniketan irakur daitekeenez, inoiz ez zen hirian halako partidarik ikusi. Hortik aurrera, ‘Trinketeko Erregea’ ezizenaz deitu izan zitzaion.

Txirritak hainbat bertso egin zituen orduko pilota partidak kontatuz. ‘Bertso berriyak’ izeneko sortan, Donostian ikusitako partida hura kontatu zuen, badirudi Dongaitz berak eskatuta. 

80 urte zituenean, Euskal Pilotaren Federazioak ongi merezitako urrezko domina eskaini zion.

Pilotaz aparte, aipatzekoa da 1914ko apirilaren 26 eta maiatzaren 10eko hauteskundeetan hautagai aurkeztu zela Baionako barrutian, Sozialista Iraultzaileen zerrenda ezkertiarrean. 

87 urterekin jolasten jarraitzen zuen Urruñako trinketean, bakarrik eta beste pilotari batzuekin. Mintzoak, Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren atarian, pilotari aparta honi egindako elkarrizketa entzun daiteke eta bertan Chaplin eta Ravel nola ezagutu zituen aipatzen du.