Elkarrizketa
Marta Perez Verdugo
Filosofian doktorea

«Adimen artifiziala bai edo bai helduko da, eta, gainera, ondo dago existitzea»

Psikologiaren eta filosofiaren iturrietatik edanez, gizakiaren eta teknologiaren arteko harremana landu du EHUn egin berri duen tesian. Adimen artifiziala, funtsean, adimen kolektiboa dela aldarrikatzen du.

Marta Perez Verdugo, elkarrizketarako ateratako argazkian.
Marta Perez Verdugo, elkarrizketarako ateratako argazkian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Akabo. Kitto. Gizatasunaren eta adimen artifizialaren arteko korapiloa ez, baina hori lantzen duen artikulu segida heldu da amaierara (momentuz). Joxe Azurmendi, teknofaxistak, Donna Haraway, Jule Goikoetxea, Evgeny Morozov, Itziar Aldabe… Shu Oteroren ilustrazioekin, zuzenean edo zeharka haien gogoetak ezagutzeko aukera izan dugu, AAren bueltako posizioen mapa zabala josiz. Hori biribiltzeko, Marta Perez (Madril, 1997) ikerlariarekin egon gara, gaia sakon ezagutzen baitu, eta auzi konplexu hauek era zorrotz bezain ulerterrazean azaltzeko gaitasuna baitu

Gizakia, teknologia eta eraldaketa eskutik ulertzen ditu Perezek. Bere ustez, «hasiera-hasieratik, gizakiak ingurune material bat eraldatzen duen heinean, arlo teknikoarekin harremana izaten ari da». Gizakia, beste abereak bezalaxe, teknikoa omen da. Horrek ez du esan nahi teknikaren jopua denik, ordea. Izan ere, bere hitzetan, «teknologiak eraldaketarekin du zerikusia: ingurunearen eraldaketa, objektuarena... Hortaz, teknologiaren ideian bertan norberak edo gizarteak baliatzen dituen bitartekoen aldaketa barnebiltzen da». Beraz, nola pentsatu teknologiak gizakiarengan eragindako eraldaketak? Eta gizakiak teknologiekin zein teknologiengan eragin ditzakeenak? AA ardatz hartuta, hori pentsatzen ahalegindu gara.

Artikulu akademikoetan, hedabideetan, enpresetan edota lagunartean, azken boladan AA da kontzeptu izarretakoa. Horri buruz aritzean, baina, zertaz ari gara?

Hasteko, AA ez da gauza bat, propietate estatiko batzuk zituen zerbait. 1950eko hamarkadatik egiten da AA -orduan sortu zen terminoa-, eta ordukoak ez du zerikusirik orain ditugun sistemekin, premisa desberdinetatik abiatzen baitira. Oraintxe bertan, AAn pentsatzen ari garenean Large Lenguage Models edo hizkuntza ereduaz ari gara. Baina motor beraren barruan ere, AAk aplikazio asko ditu: ez da gauza bera zurekin hitz egiten duen txatbot bat, zure partez zerbait egiten duen agentea edo irudi medikoen azterketetan aplikatzen den eredua. Aplikazio bakoitza desberdina da, xehetasunak ulertu nahi badira ezin da AAz orokorki hitz egin.

Horietan sartu aurretik, bada aplikazio horiek denek partekatzen duten zerbait: AA horiek sortzaileak dira. Zer suposatzen du horrek?

Nik uste dut orain arte ikusi ez dugun teknologia mota bat dela. Oraintsu arte adimen sortzailea, gauzak sortzeko gaitasuna, animalia biologikoetara mugatuta zegoen. Alde horretatik, lehen aldia da hizkuntza naturalean produktu berritzaile eta propioak sor ditzakeen teknologia bat daukagula. Berariaz programatu gabe sortzeko gaitasun hori izanik, ez da jarraipen hutsa: jauzi kualitatibo bat da, eta ziur aski erronka berriak mahaigaineratuko ditu, orain arte ez zeudenak.

Askotan esaten denaren arabera, erronka horiek erabileraren araberakoak izango dira. Berez ez omen da ez ona, ez txarra.

Nire ustez, baieztapen hori auzitan jarri behar dugu. Alde batetik, AA aplikazio batera sartzen garen aldiro, zerbitzu jakin batera jotzen ari gara, formatu jakin batean -txatbot, agente edo dena delakoa-. AAk forma eta erabilera asko izan baditzake ere, horietako bakoitzaren atzean diseinu teknologiko handia dago. Beraz, AArekiko interakzio modu hori beti egongo da nolabait diseinatuta eta egituratuta.

Bestetik, AAk badu beste berezitasun, erabat berritzailea dena: hizkuntza ereduek giza ezagutza osoa zerbaitetan kondentsatzeko eta horrekin hizkuntza naturalean interaktuatu ahal izateko aukera eskaintzen dute. Hizkuntza naturalean gizadiarekin abstraktuan erlazionatu ahal izatea bezala da. Hori benetan ederra da. Baina, jakina, gizateria osoaren irudia ez dago berdintasunez ordezkatuta: testu formatuan eta digitalizatuta dagoena da soilik... Hori ere ez da neutroa.

Beraz, ez diseinuaren aldetik, ez erabileraren aldetik, AA ez da neutrala. Dena den, horrek ez du esan nahi horregatik beldurgarria denik eta modu espezifiko batekoa izatera determinatua dagoenik.

Diskurtso hori oso zabalduta dago, ordea: gizakia ordezkatuko omen du, erabat deshumanizatu...

Bai, oso zabalduta dago. Neurri batean, normala da, AAren inguruan zabaltzen ari diren marketin-mezuengatik: «langile asko ordezkatu ahal izango dira», «enpresek lehen bost lanposturen bidez egiten zutena AA bakar bat erabiliz egin ahal izango dute»... Kezka hori ez dator ezerezetik eta ulergarria da, kasu askotan enpresen eraginkortasunaren ikuspegitik diseinatuta baitago eta horretarako erabiltzen baita. Hala ere, ez du zertan hori bakarrik izan: AA bestela erabiltzeko gogoa ere badago; esaterako, gaur egun guztiz desatseginak diren zenbait lan egiteko. Beraz, ez dut uste AAk irekitzen duen aukera bakarra hori denik.

Marketin-mezuei dagokionez, superadimen artifizial baterantz goazela diote zenbait ahotsek. Zer da hori? Badago horretarako aukera errealik?

Neurri batean, behintzat, marketin operazioa da. AA eraikitzeko finantzaketa handia behar da, eta hurrengo gizakia eraikitzera goazela esateak gehiago saltzen du. Horretarako oso fikzio erabilgarria izan daiteke.

Besterik da irits daitezkeela eszenatoki batzuk non populazioaren zati handi bat AArik gabe baino okerrago biziko den. Baina, jakina, hori ez litzateke AArengatik edo superadimenagatik izango, abstraktuki, baizik eta horiek txertatzen diren eredu sozioekonomikoaren garapenagatik.

Posizio zintzoagoetatik ere irits daiteke giza adimena gaindituko duen superadimen artifizial bat irudikatzera. Kasu horietan, segur aski, adimenaren ikuspegi jakin bat nagusituko da, dimentsio gorpuztuak kontuan hartzen ez dituena eta adimena modu abstraktuagoan ulertzen duena. Nire ustez, hori adimenak dakartzan beste geruza horiek guztiak alde batera uztea da.

Elkarrizketarako propio sortutako ilustrazioa. (SHU OTERO)

Ildo horretan, adimen naturala eta adimen artifiziala bereizten dira maiz. Zeintzuk dira desberdintasunak? Eta antzekotasunak?

Egia da itxuraz antzekotasun asko daudela bi adimenen artean: zuk AA batekin hitz egin dezakezu, eta iruditzen zaizu lagun batekin hitz egiten ari bazina bezala dela. Orduan bai da antzekoa, giza adimenaren zati handi bat hizkuntzaren eskutik garatu baita. Horrek ez du esan nahi giza adimen guztia hori denik, baina egia da giza adimena islatzen duen testu-produkzio hori erabiltzen ari den tresna batek, ezinbestean, giza adimenaren antza izango duela.

Hala ere, nahiz eta testu-ekoizpen hori giza adimenaren ezaugarri nagusietakoa izan, adimen horrek beste esperientzia mota batzuk ere barnebiltzen ditu, ez daudenak zertan hizkuntzak baldintzatuta, haren gorpuztasunarekin lotuta daudenak: bere ingurune materialarekin, sozialarekin eta gainerako izaki bizidunekin erlazionatzen den izaki biziduna izateari dagozkionak, hain zuzen ere.

Alde horretatik, adimen mota desberdinak dira. Gauza bat da gizaki batek izango duen adimen mota: ingurune batekin erlazionatu behar den gorputz bat izatetik sortzen da eta ingurune horrekin elkarrekintzan aritzeko sentsibilitate batzuk garatu behar ditu. AAren adimen mota, berriz, testu mega-erraldoi bat da, testu horretan dagoen banaketa estatistiko moduko batetik output berriak sortzeko gai dena.

Nik ez dut uste bi adimen mota horiek sekula parekatuko direnik, eta, beraz, AAk gizakia ordezkatu ahal izango duenik. Dena den, niri asko interesatzen zait zer gertatuko den ikustea. Adibidez, orain robotikan eta AAn sekulako garapena izaten ari da; hizkuntz ereduari gorputz sentsomotor bat jartzen zaionean ea zer gertatzen den, agian are konplexuago bilakatuko da AAren auzia -jakina, horrek ez du esan nahi hizkuntz eredu bati robot-gorputz bat jartzeagatik giza gorputza emulatuko denik-.

Ezberdintasun horietatik abiatuta, AA giza adimen eta borondatearen menpe jarri behar dela aldarrikatzen da. Alabaina, AAk gizakiaren intentzionalitate edo borondate hori ere baldintzatzen du, ezta? Nor da agente nagusia?

Normala da aldarri hori mahaigaineratzea. Izan ere, gizakiak izan dezakeen agentzia mota eta AAk izan dezakeena desberdinak dira: gizaki kokatua izateak gauza batzuk axola izatea ekartzen du; AAri, berriz, ez zaio ezer inporta.

Nire ustez, AA adimen testualaren produktu kolektibo eta historiko bat da. Kristorena da, baina ez da hori baino gehiago. Ez da gizaki artifizial bat, bera erakargarri egiten duena beste kontu bat da: badituela gauza batzuk gizaki bakar batek ere eduki ezin dituenak, hala nola datu kopuru horri eusteko eta eskuragarri bihurtzeko gaitasuna. Hori kontuan izanik, AAri giza ukitu bat ematea baino gehiago, giza ukitu hori noiz behar den ulertzea da gakoa: noiz behar den adimen mota kokatuago bat, gauzak axola zaizkiona, zeregin bat AA bati ez emateko.

Hor AArekin elkarrekintzan aritzeko askotariko forma eta erabilerak aztertu behar dira, bai eta sor daitezkeen arazo etiko eta politikoak ere. Adibidez, jende askok txatbotak terapeuta gisa erabiltzen ditu; alor militarrean duten erabaki maila arazo bat da... Beraz, oso garrantzitsua da zehazki jakitea zenbateraino den zilegi AAren parte hartzea, baina fokua interakzio espezifikoetan jarrita: parte hartze konkretuak nolakoak diren eta hori nola erlazionatzen den hori dena biltzen duen sarearekin. AAz oro har baino, AAren aplikazio eta interfaze forma desberdinez pentsatu behar da.

AA politikoki lehiatzeko beharra azpimarratzen duzu, komunitateetatik hasita. Nola egiten da hori?

Egia da AAk arazo handi bat duela: AA garatzeko behar den baliabide kopurua izugarria da, ez da «nik neure AA egingo dut eta kito» esatea bezain erraza. Hala ere, gauza batzuk egin daitezke. Garrantzitsuena maila guztietan hausnarketa politikoa zabaltzea da, ez dadila nagusitu «hau Silicon Valleytik gu irenstera datorren kontu bat da, eta egin dezakeguna, asko jota, hori etortzeari uko egitea da» pentsamendua. Ez, argi dago ezetz. Beraz, hausnarketa politiko eta demokratikoko gaia izan behar da: nola erlazionatu nahi dugun teknologia horrekin, zer-nolako teknologia izatea nahi dugun, teknologia horrekin zer-nolako elkarrekintza izan nahi dugun...

Ulertu behar dena da AA, azken batean, komunitate lokal edo global baten testu-ekoizpena dela, ondasun komuna dela eta komunean kudeatu behar dela. AAk berez izaera kolektibo hori du, eta, agian, adimen artifiziala baino, adimen kolektiboa deitu beharko genioke. Fokua aldatu behar da: kontua ez da «hau da AA, eta hau da izango duen aurrerapena» asumitzea, baizik eta planteatzea AArekin adimen kolektibo horretara sartzeko aukera ematen duten teknika batzuk garatu direla, norberak nahi duen diseinuarekin edo interfazearekin. Funtsean, AA mundu guztiarena den giza ekoizpen hori guztia eskuratzeko teknika bat da. Esan dudan bezala, horretan ere desberdintasunak egonik: gizatasunaren zenbait alderdi ordezkatu gabe egon daitezke, eta hori borroka politikoaren parte da.

(Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Hizkuntza ereduetan oinarritutako AAk izanik, hizkuntzen auzia funtsezkoa da. Nola heldu hizkuntzen arteko desberdintasunei?

Adibidez, Gobernu espainiarra garatzen ari den AA publikoan [ALIA egitasmoa] hasieratik Estatuko hizkuntza koofizialen artean banaketa bera egon zedin saiatu dira. Hasieratik bultzada politikoa egon da, eta ezinbestekoa da hori, bestela hizkuntzen banaketa erabat desorekatua izango delako.

Hor tokiko komunitateentzat eragiteko tartea dagoela uste dut: zuk AA lokalago bat nahi baduzu, zure testuinguru espezifikorako baliagarria izango den moduan entrenatu dezakezu. Denei ustez berdin balioko dien AA ereduaren kontra -mundu guztiari zerbitzua emango dion supermultinazional bat-, bestelako garapen eredua izan daiteke hori.

Hori bai, AA horiek datu kopuruaren arabera funtzionatzen dute, eta datu kopuru izugarri batetik abiatu behar da beti. Horrek berekin dakarren guztia ere aintzat hartu behar da: adibidez, hizkuntza-ekoizpen horretan islatzen den ezagutza mota, alborapen ugari izan ditzakeena.

Ondorioz, zailtasunak zailtasun, partida irekita dago.

Zerbait guztiz berriarekiko elkarbizitza pentsatu beharrean gaude, eta horren aurreko erreakzioa ezin da izan urruntzea edo esatea «gure egitekoa AA guregana irits ez dadin bermatzea da». Alde batetik, bai edo bai iritsiko delako, oso zaila da benetan horretatik isolatzea; gainera, ondo dagoelako existitzea.

Batzuek oso kontrako argudioak dituzte: izugarri baliabide pila behar dituen teknologia bat dela -hain justu, baliabidez urri gabiltzanean-; asmo totalizatzailea duela, aniztasuna sintetizatzeko bokazioa... Alabaina, giza ekoizpenarekin erlazionatzeko sekulako aukerak ematen ditu, oso produktiboa izan daitekeen eta pertsona askorentzat oso ahalduntzailea izan daitekeen moduetan.

Orduan, auzia ez da «ez du zentzurik aurre egiteak», baizik eta: nork egin nahi lioke aurre ondo eginez gero hain erabilera komunekoa izan daitekeen zerbaiti?