Asier Aiestaran
Kazetaria

Torturatuen senide eta lagunen bizipenak, asteburu honetako alean

‘Torturaren orbanak’ izenburupean Iraitz Mateok eta Mikel Urdangarinek idatzitako elkarrizketa/erreportaje sortaren hirugarren eta azken alea argitaratuko dugu asteburu honetan.

Torturatuen senide eta lagunen testingantzek osatuko dute ‘Torturaren orbanak’ saileko hirugarren atala. Erreportajearen sarreran aipatzen denez, «tortura bigarren pertsonan bizi izan dutenen egoerari gutxi erreparatu izan zaio gehienetan. Hitz gutxiko harremana izan da sarritan, baina beti ondoan egon dira, ahal izan dutena ahal izan duten hobekien egiten».

Maddalen Dorador Rubio (1987), Kerman Fernandez Trigo (1986) eta Urtzi Lujambio Galparsoro (1990) errenteriarrak 2008ko apirilean gazte independentisten aurka egindako sarekadan atxilotuak eta torturatuak izan zirenen senide eta lagunak dira. Eta esfortzu handia egin dute beren sentipenak azaltzen. Besteren artean, isiltasuna eta hitz egin ezina izan direlako gaiari aurre egiteko zailtasunaren isla.

«Aitortu behar dut aste osoan oso mugituta nagoela. Atzo esan nion bikotekideari: ‘benga, lagunduko didazu prestatzen?’. Eta ez nintzen gai inondik hasteko. Beraz, ez dakit gaur ere zerbait aterako dugun. Ez da hainbeste ezabatua dugula, nire kasuan oso isildua izan dut... Hamabost urte baino gehiago pasa dira eta lehen aldiz ari naiz hau altuan esaten», dio adibidez Maddalen Doradorrek.

Horrez gain, Yakare hizkuntzari buruzko erreportaje bat ere argitaratuko dugu larunbat honetan, eta inauteriei leku berezia eskeiniko diegu.