Arriskuan dagoen Boliviako hizkuntza isolatu batek hiztegi propioa lortu du
Julen Villarreal hizkuntzalari nafarrak desagertzeko arriskuan dagoen Boliviako yurakare hizkuntzaren hiztegia sortzeko proiektu batean parte hartu du. Belaunaldi gazteen artean erabilera eta transmisioa sustatzeko tresna erabilgarria izan liteke.

Boliviako oihan amazoniarraren barnean, El Chapare eta Beni lur apalen eremu geografikoan, 1.000 hiztun inguru dituen hizkuntza bat entzun daiteke. Mendeak pasa ahala, pixkanaka-pixkanaka bertan bizi diren biztanleak yurakarez mintzatzeko gaitasuna galtzen joan dira, gazteekiko transmisio faltaren ondorioz. Unescoren eskalaren arabera, konponbiderik ez jartzekotan yurakarea desagertzeko arriskuan egon liteke.
Julen Villarreal Moreno Euskal Ikasketetan graduatutako hizkuntzalari nafarra da. Gaur egun euskara eta euskal kultura irakasle da Habanako Unibertsitatean, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Beharbada horrek bultzatu zuen Boliviako hizkuntza minorizatu horrekiko interesa sentitzera. «Yurakare hizkuntza berez hizkuntza isolatua da euskara bezala. Ez du hizkuntza ahaiderik, eta, beraz, horrexegatik ezin da jakin bere jatorria eta historia linguistikoa», azaldu du.
Euskararen eta yurakarearen artean ikusitako antzekotasunek hizkuntza autoktono horrekiko sinpatia sorrarazi zioten Villarreali eta Boliviara bidaiatzeko erabakia hartu zuen yurakare-gaztelania hiztegi baten sorkuntza proiektuan parte hartzera. Vincent Hirtzel eta Rik van Gijn ikertzaileen proiektura batu zen eta La Misión herrian instalatu.
GAINBEHERAREN HASIERA
Espainiarren inbasio eta kolonizazioarekin hasi zen Boliviako hizkuntza autoktonoen gainbehera. «Biztanle asko desagertzen hasi ziren. Eritasunak zirela medio edo jasandako erasoen ondorioz». Horregatik, hain justu, Villarrealek yurakarearen hizkuntza ahaideak galdu egin ziren susmoa du.
Kolonizazioak bertakoen akulturazio prozesu bat hasi zuen. Villarrealek azaltzen duenez, kolonaurreko aroan yurakare herria erdi nomada zen. Ehiza eta fruitu bilketa ziren yurakareen oinarrizko jarduerak, «baina kolonizazioaren eskutik heldu ziren fraide eta misiolari frantziskotarrek reducciones deitzen zituzten herrietan finkatzera eta sedentario bilakatzera behartu zituzten, beraien kulturaren higatze prozesuari hasiera emanez».

Garai hartan yurakareen, eta orokorrean, herri indigenen aurkako mespretxua jaio zen, izan ere, kreoleek, hau da, Europako emigranteen ondorengoek, Amazoniako indigenak bigarren edo hirugarren mailako biztanleak balira bezala tratatzen zituzten, «basati» deituz. Geroztik, bazterketak ireki zuen zauriak yurakareak beraien kulturagatik eta tradizioengatik lotsa sentitzera eraman ditu, bizimodu eta ohitura tradizionalak pixkanaka alde batera uztera bultzatuz.
AEBKO MISIOLARIAK
Bigarren Mundu Gerra bukatu ostean, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) “New Tribes Mission” izeneko erakunde protestantea sortu zuten eta kideetako batzuk El Chapare probintziara bidali zituzten misiolari moduan lan egitera. Helburu nagusiak argi zituzten: inor ailegatu ez zen tokietara iristea, bertakoekin harremanetan jartzea eta indigenak kristau bilakaraztea.
Erakunde horretako Marge Day misiolariak 40 urte pasa zituen yurakareen artean. Biztanleak kristautzeko ikastetxe handi bat eraikitzeaz gain, Biblia yurakare hizkuntzara itzultzeaz arduratu zen. Horretarako, ortografia sistema bat sortu behar izan zuen, izan ere, ordura arte bakarrik ahozko hizkuntza zen, sekula idatzi gabea. Villarrealen arabera, Dayek «hizkuntzaren, nortasunaren eta fede kristauaren arteko lotura» egitea bilatzen zuen eta bere ekintzek «sekulako inpaktua» izan zuten Boliviako El Chapare probintzian.
KOKALEROEN GARAIA
1970eko eta 1980ko hamarkadetan, familia aimara eta kitxua askok, Andeetatik El Chapare probintziako lur baxuetara jaistea erabaki zuten. Bertan instalatu ostean, koka landatu zuten, kokaleroen eta narkotrafikoaren garaiari hasiera emanez. Ondorioz, AEBk Drogaren Aurkako Agentzia (DEA) eremura bidali zuen, tropek koka hostoen produkzioa guztiz gelditzeko.
Evo Morales Boliviako presidente zela, 2008an indigenei haien jatorrizko aspaldiko lurrak legalki ematea erabaki zuen. Horrenbestez, El Chaparetik Mendebaldeko pertsona eta erakunde guztiak kanporatu zituen, DEA barne. Hasiera batean hizkuntza eta kulturarentzat erabaki onuragarria izan zitekeela bazirudien arren, gaur egun yurakareak hiztunak galtzen jarraitzen du.
YURAKAREA GAUR EGUN
Egun yurakareek euren lurren gaineko boterea dute eta yurakare hizkuntza koofiziala da. Hala ere, «gobernuak ez ditu egiazko pausoak ematen eskolek yurakare hizkuntzan irakats dadin», azaldu du Villarrealek. Yurakarea desagertzea ekidin duen arrazoietako bat hizkuntzaren eta nortasunaren arteko lotura dela azaldu du. Yurakareen bazterketak kultura mantentzen lagundu duela gehitu du: «Gizartearen marjinetan egonda, beren kasa bizi izan dira, euren ohiturekin. Horrek, bazterketa eta mespretxua ekarri arren, kulturaren biziraupena ere ahalbidetu du luzaroan».
Hori bai, jasandako mespretxuak eta hizkuntzarengan eragindako presioak yurakareak euren hizkuntza abandonatzera ere bultzatu ditu. «Yurakare izatea mespretxatua izateko arriskua da, eta yurakare hizkuntza hitz egiteak yurakare zarela salatzen du. Beraz, saiatzen dira hizkuntza ez erabiltzen», laburtu du. Horrez gain, gurasoek gaztelania hezkuntzaren eta aurrerapen pertsonalaren hizkuntza dela ikusten dute, eta nahiago dute haurrek gaztelania bakarrik ikastea.

Hizkuntzaren desagerpenak transmisioarekin eta erabilerarekin lotura zuzena dauka, eta, horren erakusle, yurakarez mintzatzeko gaitasuna galtzen ari da egun belaunaldi gazteen artean. «Yurakare hizkuntza ondo hitz egiteko gaitasuna dutenek 50 urtetik gora izan ohi dituzte normalean. Aitona-amonen edo aita eta ama zaharrenen belaunaldia osatzen dute. Seme-alabek badute sarri hitz egiteko gaitasuna, baina askoz erosoago sentitzen dira gazteleraz hitz egitean. Hori dela eta, haurrei jada gazteleraz hitz egiten diete», gehitu du.
YURAKARE-GAZTELANIA HIZTEGIA
Hizkuntzaren desagerpena ekiditeko, Villarrealek sortzen lagundu duen yurakare-gaztelania hiztegia lagungarria izan daiteke. Egileei liburua oinarrizko material edo tresna bilakatzea gustatuko litzaieke, kulturalki sentsibleak izan daitezkeen material didaktikoak sortzeko. «Hiztegian yurakare hizkuntzaz gain, hitz bakoitzaren atzean dagoen kosmobisioa eta elementu kultural asko biltzen dira».
Era berean, hiztegi akademiko bat izateak yurakareari prestigioa eman diezaiokeela adierazi du Villarrealek. Izan ere, betidanik basatien hizkuntza bezala mespretxatua izan da yurakarea. «Hiztegiak nolabait frogatzen du, zalantzan jartzen zuten horientzat, yurakare hizkuntza idazten ahal dela eta hizkuntza akademikoa izan daitekeela, goi kulturako hizkuntza izan daitekeela».
Hiztegia lankidetzan aritu diren zenbait egileren emaitza dela esan daiteke, erakunde akademikoek, ikerlariek eta indigenek elkarlanean sortua izan baita. 4.500 hitz gordetzen dituen liburu mardula 25 urteko lanaren ondorioa da. «Ni azken fasean batu nintzen proiektura», oroitu du Villarrealek. «Nire ekarpena jada egina eta bildua zegoenaren zuzenketari lotua egon da».
Hiztegiko zenbait hitz eta sarrera garatzeaz ere arduratu da Villarreal, Asencio Chavez eta Rufino Yabeta yurakare hiztunekin eskuz esku. Yurakarez oso ondo hitz egiteko eta idazteko gai izateaz gain, jakintza tradizional handiko bi lagun dira Chavez eta Yabeta. «Oso pertsona interesgarria da Asencio, multifazetikoa. Bere garaian, Biblia yurakarez idazteko hautatutako pertsonetako bat izan zen, eta luzez kolaboratu zuen Marge Day misiolariarekin. Oso pertsona berezia da, mundu tradizionala oso ondo ezagutzeaz gain, yurakarez idazteko gai da, eta, nolabait, bi munduren arteko zubia ere bada», azaldu du hizkuntzalariak.

Villarrealek Asencio Chavez oso gaixorik zela ezagutu zuen. «Ni Boliviara joan baino bi hilabete lehenago minbizia zuela jakin genuen». Beraz, Asenciok Villarrealen agerpena berri on bezala ikusi zuen, yurakare hizkuntzaren alde azken lan bat egiteko aukera bezala. «Hil baino lehen, hurrengo belaunaldientzako zerbait uzteko aukera bezala ikusi zuen. Oso hunkigarria, oso polita eta bikaina izan zen berarekin lan egitea».
Hiztegiaren sorkuntza prozesuan parte hartu zuten lau hiztunen izen-abizenak eta argazkiak liburuaren lehen orrian ikus daitezke, “Coautores hablantes destacados” sekzioan. Egindako ekarpena eskertzeko modua da, «eurak baitira jakintza iturria», azpimarratu du Villarrealek.
HIZKUNTZA, HISTORIA ETA NATURA
Hizkuntzalariak El Chaparen bizitako esperientzia ugari ditu gogoan, eta, yurakarez mintzatzen ez dakien arren, hiztegia egiteko prozesuan hiztunek erakutsi zizkioten hitz batzuk oroimenaren ditu. «Oroitzen naiz behin haurtxo batek kirinku deitu ninduela. Hitz horretatik dator ajirinku, hizkuntzarekin, historiarekin eta naturarekin lotura duen izena».
Villarrealek azaldu duenez, hitz horren etimologia bitxia da, kanpotarren eta yurakareen arteko kontaktuen historiari lotuta baitago. «Kirinku da yurakareek gringo errateko duten modua. Yurakareek diotenez, atzerritarrekin kontaktua izatean ikusi zuten atzerritarrek tabakoa erretzen zutela, eta, horrenbestez, tabako hostoa jaten duen har bati ajirinku izena jarri zioten».
HURRENGO XEDEA
Boliviako Estatuak finantzatu zuen irailean argitaratutako 300 hiztegiko tirada. Aleak yurakareen artean banatu zituzten. «Gazteentzat lexikoa eta jakintza berreskuratzeko baliabidea izan daiteke», espero du.
Azkenaldian Kuban duen euskal kultura eta hizkuntza irakasle lanean zentratzen ari da Villarreal. Hala ere, yurakareekin kontaktua mantentzen du. Aurreratu duenez, hiztegiaren egileen hurrengo helburua El Chaparen eskola kultural bat sortzea da. «Ez da eskola ofiziala izango, eskolaz kanpoko ikastaroak emango dituen zentro kultural moduko bat baizik, hizkuntzan eta kulturan zentratuagoa». Ekimenaren helburu nagusia yurakareen jatorrizko hizkuntzako alfabetatzea bermatzea da. «Interesgarriena da biztanleek proiektua mantentzeko iniziatiba izatea», ondorioztatu du hizkuntzalariak.



