Aitzpea LEIZAOLA

Garizumaren aurreko tripakadaren seinale

(Ilustrazioa: Amaia CARRERE)

Zortzikoarekin eta inauteriekin lotzen dugu Lantzeko herria, 1970eko hamarkadan inauteria berreskuratu zutenetik, Mielotxin eta bereziki txatxoak Euskal Herriko eskola kasik guztietan baitira ezagun. Haiekin batera, Lantzeko inauterietan dugu Ziripot ere; erraldoi lodikote eta baldarra da, kalean gora eta behera ibiltzeko makila sendo bat daramana eskuan. Aurpegia trapu zuri batez estalia eta lastozko zapela buruan, landa eremuko mozorro gehientsuenen antzera, mozorro mutua da. Lastoz betetako pertsonaiok, zenbaiten iritziz, garizumaren aurreko tripakadez eta zerri hiltzearen garrantziaz ohartarazten gaituzte. Landa eremuan guztiak beti gosea ezin berdindu zebiltzan oroigarri dira.

Udaletxeko ganbaran prestatzen dira mozorroak. Bertan josten dituzte Ziripoten hankak eta bularraldea osatzen dituzten zakuak, ondoren lastoz bete eta giza gorputza eraldatzeko. Banaka igotzen dira gazteak bertara, baina denak batera aterako dira kalean ate aurrean esperoan dagoen jendetzaren aurrera. Elkarren arteko ezagutza maila saihetsezina zen herri txikietan, inaute garaiak askatasun erabateko egun gisa bizi ohi ziren, aurpegi estaliek eta ibilera eraldatuek identitatea ezabatzeko aukera bermatzen baitzuten. Horretarako, ordea, isilik egon behar. Musikak protagonismo berezia hartzen du testuinguru horretan.

Ziripotek Lesakako zakuzaharren zein Zalduondoko porreroen jiteko mozorroak gogorarazten ditu. Lantzen, baina, Zaldiko abil eta zirikatzaileak behin eta berriz lurrera botatzen du Ziripot, ferratzaileek Zaldiko harrapatu eta ferrak jarriko dizkioten arte. Aldiro txatxoen laguntzaz zutitu eta aurrera egiten du herriko kaleetan barrena.

Astelehen eta asteartez ospatzen dute inauteria Lantzen. Gerra ondorenean, beste hainbat herritan bezala, eten egin zen inauteria, harik eta antropologoen arreta piztu zuten arte. Caro Barojaren lanek egin zuten ezagun 1970eko hamarkadaz geroztik. Euskal Herriko landa eremuko inauteriaren ikur bilakatu da Lantzeko inauteria: estalitako aurpegiak, gorpuzkera eraldatuak eta mutu diren mozorroak, denboraz kanpoko sinbolikari erreferentzia egiten dioten jantzi eta iruditeriak.