
Euskal Herri osoan famatuak dira Tolosako inauteriak. Hiri inauteri ezagunena eta biziena dugu. XVIII. mendekoak dira aipamenik zaharrenak. XIX. mendeaz geroztik egun ezagutzen dugun egitura mantentzen du, Ostegun Gizenez hasi eta inaute astearte bitarte luzatzen da. Egun guztiak, ordea, ez dira berdinak eta tolosarrek barre ugari egin izan dute larunbatez mozorrotuta bertaratu direnen kontura. Zaldunita -inaute igandea-, Astelehenita eta Asteartita egun handiak dira Tolosan.
Musikak, kaleko txarangek, konpartsen desfileak eta gazteek eta ez hain gazteek mozorrotuta plaza zein kale kantoietan osatzen dituzten eszenek ematen diote Tolosako inauteriari bere grazia berezia, umorea, satira eta kritikarako uneak tartekatuz. Ezagunak dira gazte kuadrillek osatzen dituzten karrozak, zein baino zein originalagoak.
Txilaba da, baina, Tolosako inauterien ikur eta mozorro berezkoena. Ostegun Gizenez, txupinazoarekin lehertzen da festa eguerdian gaztez eta nerabez lepo dagoen udaletxe plazan. Tolosarrak zientoka ateratzen dira kalera txilaba soinean, inauteriak ospatzeko irrikan.
Jantziaren izenak ematen dio izana mozorroari. Gorputzaren goialdea estaltzen duen kolore biziko oihalez propio jositako tunika bat da. Gerri arterainokoa, edo luzexeagoa izan daiteke, jantzi beroen gainetik janzteko modukoa; zabala eta mauka luzeduna da, lepo aldean irekidura du, eta, Magreben tradizionala den jantziak bezala, txano punttaduna du, muturrean ponpoi batez apaindua. Jantzi estimatua da Tolosan, eta hainbatetan familia edo/eta lagunarte taldea ikusarazten du, zehazki, txilaba oihal berarekin josten denean.
Pieza berezia da txilaba. Nagusiki gazteek eta nerabeek soinean badaramate ere, adin eta genero guztietakoek janzten dute. Beste inauteri askotan ez bezala, ez dago trapu zaharrez edo beste erabilera bat emandako jantziz egina. Janzte hutsarekin inauteri giroa gorputzera itsasten da. Izenak izana ematen du. Txarangen atzetik saltoka, lepotik edo besotik helduta kalean gora kalean behera dantzan ibiltzen dira txilaba koloretsuak, inauterizaleak adinik ez duela gogorarazten.


