GAUR8

Muriel Casals, Kataluniako subiranismoaren eta kulturaren erreferente

Gaur hamar urte bete dira Muriel Casals, Kataluniako independentismoaren izen handi bat, zendu zenetik. 2016ko otsailaren 14ko goizaldean hil zen Bartzelonako Clinic Ospitalean, urtarrilaren 30ean bizikleta batek harrapatu eta jasandako traumatismo kranoentzefalikoaren ondorioz.

Muriel Casal ekintzaile independentista.
Muriel Casal ekintzaile independentista. (OMNIUM CULTURAL)

Ekonomian lizentziaduna eta doktorea, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ekonomia eta Ekonomiaren Historia saileko irakaslea eta Lankidetza eta Nazioarteko Harremanen departamenduko errektoreordea izen zen Muriel Casals i Couturier (1945eko apirilaren 6a, Avignon, Proventza -2016ko otsailaren 14a, Bartzelona, Katalunia).

Baita ere Kataluniako subiranismoaren eta kulturaren erreferente handia: Òmnium Culturaleko presidentea izan zen 2010etik 2015era bitartean, harik eta 2015eko irailaren 27ko hauteskundeetara aurkeztea erabaki zuen arte.

Erbestean, Estatu frantseseko Avignon hirian 1945eko apirilaren 6an jaioa, Kataluniako ezkerrari lotua egon zen betidanik eta PSUC eta ICV alderdietako militante izan zen. 2015eko irailaren 27ko hauteskundeetan Junts pel Sí (JxSí) zerrenda bateratuan hirugarren tokian aurkeztu zen, gizarte zibileko ordezkari legez.

2008an Omnium Culturaleko zuzendaritzan sartu eta 2010etik 2015era bitartean, ostera, bertako presidente izendatu zuten.

Òmnium Culturaleko presidente zela, mugimendu subiranistaren erreferenteetako eta aurpegi ezagunetako bat bilakatu zen, Carme Forcadell ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidente ohiarekin batera.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuaren kontra emandako epaiaren harira, 2010eko uztailaren 10ean egin zen manifestazioaren bultzatzaileetako bat izan zen; askorentzat mugimendu independentistaren gorakadaren abiapuntua izan zena.

Òmnium Culturaleko presidente izan zen 2010etik 2015era bitartean, harik eta 2015eko irailaren 27ko hauteskundeetara aurkeztea erabaki zuen arte; izan ere, Junts pel Sí zerrenda bateratuko hirugarrena izan zen, Artur Masen eta Oriol Junquerasen aurretik.

Kataluniako Parlamentuko diputatu gisa, prozesu eratzailearen ikerketari buruzko batzordea gidatzeko hautagaietako bat zen.