
Altsasuko inauteriak goia jotzen du astearte arratsean. Gerra garaian galdu ziren inauteriak. Altsasu orduan askoz txikiago zen, gaurkoarekin konparatuta. Franco hil ondorenean berreskuratu zituzten inauteriak, bai eta eraberritu ere, pertsonaia berriak sortuz, errituari ikuskizun garaikideen elementuak gehituz. Europako beste herri batzuetan ere dokumentatu da Altsasun irudikatzen den ereintzaren eszena: bi mozorrok uztarrira loturik tiratzen dute goldea, idi parea balira bezala.
Herri inauteri gisa ezagutzen direnen adibide ederra da Altsasukoa, landa eremuari erreferentzia egiten diona, denboraz kanpokoa balitz bezala. Etengabe moldatzen ari den inauteria ere bada. “Odolaren erritua” deiturikoa adibidez -momotxorroak mantal zuria odolez blaitzen duten unea-, mozorrotuen eta ikusleen arteko banaketa markatzeko baliatzen ari da azken urteotan. Eta ez da harritzekoa, inauteriak duen erakarpena ikusirik, jende uholdea hurbiltzen baita Altsasura.
Itxura beldurgarria dute momotxorroek. Ardi larrua bizkarrean, urritzezko saski handi batekin tamainaz nabarmen handitzen dira momotxorroak. Saskiari loturik, bi behi adar mardul. Aurpegia estaliz, uztarrian ibiltzeko kopetakoa edo berau gogorarazten duten ile edo artile hariak. Besoak odoletan bustirik, mantal zuriak odoleztaturik, sardea eskuetan, oinezkoak eta ibilgailuak xaxatzen ibiltzen dira Altsasuko kaleetan. Landa eremuan lanerako ohikoak izan diren mahonezko galtza eta abarkek salatzen dute mozorroaren azpian gizakia dagoela.
Inauteri gehientsuenetan gertatzen den moduan, pertsonaia gehiagok ere hartzen dute parte Altsasuko inauterietan: juantranposoak -Ziripoten gisako mozorro handikote eta baldarrak-, maskaritak eta sorginak. Akerraren figura ere tartean da, akelarrearen irudikapen eta guzti. Aurpegia ez ezagutzeko moduan estaltzea arau da Altsasun. Momotxorro dantza zaratatsu bezain hipnotikoa egiten dute, behin ilunduta plazako kioskoaren inguruan bueltaka. Amaitutakoan, maskarak kentzen dituzte denek batera. Aurpegi zikin izerdituetan poztasuna agerikoa da.


