Aitzpea LEIZAOLA

Zikin, zaratatsu eta euskarazko hitzaren jabe

(Ilustrazioa: Amaia CARRERE)

Lapurdiko eta Nafarroa Behereko ihauterietan ez dira falta zirtzilak. Zenbaitetan, haurrentzat eskola testuinguruan antolaturiko ihauteri jardunetan bereziki, aurpegi estaliko eta nahikoa itxura homogeneoko pertsonaia gisa agertzen zaizkigu. Aldiz, gazteek antolatutako ihauteetan agertzen diren zirtzilak, dela Lapurdiko kaskarotekin batera, dela Nafarroa Beherean duela bi hamarkadaz geroztik biziberritu diren libertimenduetan, bestelakoak dira. Etxe sabai eta armairuetan pilatutako jantzi eta bestelakoak soinean emanez, nolanahi janzten da zirtzila. Zirtzilarentzat, ordea, mozorroa ez da jantzi kontu soila. Gainerako ihauterietan gertatzen den moduan, jarrerak markatzen du egunerokotasunarekiko desberdintasuna.

Zikina eta zaratatsua da zirtzila, basaren sinonimoa. Baina, era berean, hitzaren jabe da. Libertimenduaren logikan berak ditu herriko kontuak aipatzen, ustelkeriak salatzen, kritikak egiten eta txutxu-mutxuak haizatzen. Herri antzerki gisa ikertu izan dira halakoak. Dantzak, esker errondak, xaxatze eta zikintze saioak nagusi diren ihauteri sorta askotariko bezain aberatsean, gutxi dira hitzezko jarduna erdigunean dutenak. Maskaradetan hainbat pertsonaiak hartzen du hitza. Zanpantzarren gisako lastozko gizon, Markitos edo Mielotxinen epaiketan bada diskurtso labur bat, erre aitzin epailearen papera egiten duenak, herriaren ordezkari, kargu hartzeko irakurtzen duena.

Libertimenduan, zirtzilak parean du dantzaria, eder eta mutu. Zirtzilek, haiekin batera libertimenduan jarduten diren bertsolarien moduan, hitza ekartzen dute ihauterien erdigunera, eta euskara plazaren erdigunean ematen. Oso gazteak izan ohi dira zirtzilak, garai bateko ihauteen igarotze erritua gaurkotuz. Zirtzilen jardunak trebakuntza eskatzen du, dantzarienak bezala, testuen pentsatze, idazte eta moldatzea, inprobisatzeko gaitasuna eta plaza hartze kolektiboan nor izateko ausardia. Azken bi hamarkadotan Euskal herri osora hedatzen ari den fenomeno bizia da, gazteak, euskara, komunitatea eta tradizioak birpentsatzeko bidea ematen duena.