
‘Xabi Paya txapeldun, azken urteotako Bizkaiko finalik lehiatuenean’, irakurri genion Joxean Agirreren GARAn hurrengo egunean argitaratu zen kronikan. 20 urte bete dira final hartatik, eta han entzundakoa memorian iltzatuta gelditu zaie bertsozale askoei. Merezi du, beraz, orduko kronika berreskuratzea.
Jar gaitezen egoera hartan: lehen aldiz denbora askoan, eta 2005eko Txapelketa Nagusian parte hartu ondoren, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak erabaki zuten ez zutela parteko hartuko Bizkaiko txapelketan; beraz, azken urteetan egingo zen irekiena bihurtu zen 2006koa gainontzeko bertsolarientzat.
Maiatzean eskualdetako txapelketekin hasi eta otsailaren 16an, Euskalduna jauregiaren oholtzaren gainean bertsolari hauek: Xabi Paya, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Fredi Paia, Ibon Ajuria eta Igor Muniategi. Iñaki De Juana presoaren aldeko elastikoak soinean zituztela atera ziren bost bertsolari eta agurretatik beretik eman zuen abisua Xabi Payak: «Gaur bi urte ez bezala dator gaur Xabi Paya/ puntuan banago eta jar deiziela gaia/ atzekoak danak dira lagun ala anaia/ izan ere horixe da, gaur bertsoaren jaia/ txaloka zutun daitela bat-batean Bizkaia».
Zortzi bertsolariak luze lehiatu ostean, Xabier Paya eta Etxahun Lekue izan ziren buruz buruko saiora pasa ziren bi bertsolariak eta, kartzelan, Etxahun izan zen nagusi. «Azkenean, Xabier Payarentzat izan zen txapela, seguru asko, saio osoan zehar bildutako puntuei esker», zioen Joxean Agirrek.
Txapela amari eskaini zion Xabi Paya gazte hura, agurraren zati bat gaztelaniaz kantatuz, hunkituta. Entzun nahi baduzue, hemen.
«Bost izen bota nahi dodaz / merezi daben neurrira: / maisu handi Amuriza / eta Lopategi biba! / Trino ta Joseba Santxo / epaile onenak dira; / bosgarrena ulertu barik / hor egongo da begira. / Tú no nos diste el euskera / pero nos diste la vida; / nos llevaste a la ikastola/ aprendimos enseguida. / Ya es hora de que entiendas / el canto que nos motiva; / esta txapela es tuya/ ai nire amatxu querida.».

