Iraneko Atzerri ministro-ordeak BBCri eskainitako elkarrizketa batean baieztatu du hitzordua. Esan du pilota AEBen teilatuan dagoela eta, estatubatuarrak zintzoak badira, akordio bat erdiestea posible izango dela. Horretarako arreta auzi nuklearrean jarri behar dela dio eta Iran konpromisoak hartzeko prest egon arren, guztiz baztertu egin du uranio aberasturik ez egotea Iranen, marra gorria baita haientzat. Bere partetik, AEBk santzioak bertan behera uzteko prest agertu beharko litzateke.
Ministro ordeak ere berretsi du Teheran misil balistikoen programari buruz hitz egitearen aurka dagoela. Zergatik adierazpenok? Pasa den ostiralean Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Iranen erregimena aldatzea «gerta litekeen gauzarik onena» litzatekeela esan zuen eta bigarren hegazkin-ontzi bat bidaliko zuela jakinarazi zuen, Teheranen gaineko presio neurri gisa, akordio bat sina dezan. Iraneko ordezkariak gogora ekarri du ekainean 12 eguneko gerran Israelek eta AEBk erasotzean hain justu misilekin defendatu ahal izan zutela haien burua. Defendatzeko gaitasunik gabe gelditzea onartezina dela gehitu du.
Trumpek behin eta berriz esan du nahiago duela Iranekin diplomaziaren bidez akordioa lortu, baina ekintza militarrekin mehatxatu du hori lortu ezean. Pasa den otsailean, Omanen bitartekaritza tarteko, bi herrialdeen arteko negoziazioak berrartu ziren. Bi aldeek balorazio positiboa egin zuten nahiz eta haien arteko desadostasuna nabarmena izan, besteak beste Irango misil programari dagokionean edo Hizbula eta Hamas bezalako taldeei Teheranek emandako babesa.


