GAUR8

Kalean da ‘Mundakako Atorrak’, herriko inauteri tradizionalaren memoriari eskainia

‘Mundakako Atorrak’ argitalpena plazaratu du Mundakako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, herriko inauteri tradizionalen historia jasotzeko. Testigantzak, abestien letrak eta anekdotak jaso dituzte, atorrak nor diren eta zer kantatzen eta kontatzen duten azaltzeko.

‘Mundakako Atorrak’ argitalpenaren aurkezpena, irudian.
‘Mundakako Atorrak’ argitalpenaren aurkezpena, irudian. (Bizkaiko Foru Aldundia)

‘Mundakako Atorrak’ argitalpena plazaratu du Mundakako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren laguntzarekin, herriko kaleetan ospatzen duten tradizio handiko aratuste horien inguruko ezagutza partekatu eta hedatzeko. 

Argitalpenak eta 12 abestiko diskoak biltzen dute inauterietan igandean alaitzen dituzten atorren historia. «Inauterietako igandeetan, kaleak musika, umorez eta tradizioz betetzen dituzte», azaldu dute protagonisten inguruan. Argitalpenak pertsonaia horien historia eta abestiak jasotzen ditu.

«Atorrak –Mundakako inauteriaren sinboloa– Bizkaiaz haraindiko erreferentzia dira, eta urtero erakartzen dituzte Euskal herri osoko bisitariak, ez baitituzte beren desfileak eta abestiak galdu nahi», nabarmendu du Bizkaiko Foru Aldundiak ohar bidez. 

Gaizka Lozano Mundakako Elkarteko presidentearen hitzetan, «paregabeak» dira Mundakako inauteriak eta azpimarratu du herriaren memoria kolektiboarekin duten lotura. «Urtero, aurreko urtean bizitakoa kontatzen duen abestia sortzen dugu. Gure historia musikarekin erregistratzeko modua da, memoria kolektiboa bizirik mantentzeko modua», azaldu du. 

Ildo horretan, tradizio horren historia jasotzen duen liburuan hamarkadetan zehar udalerriko gizarte eta hiri aldaketak ere islatuta agertzen dira letretan zein anekdotetan.