GAUR8

Atlantikoko hegalaburra iparralderantz mugituko da ozeanoa berotzearekin, ohartarazi du AZTIk

Ozeanoa berotu ahala hegalaburra iparralderantz mugituko da ur hotzagoetara, eta horrek aldaketak ekarriko ditu arrantzan ere, ohartarazi du AZTI zentro teknologikoak. Ikertzaileen arabera, mugimendu horiei aurrea hartzea funtsezkoa da «biodibertsitatea eta haren mendeko bizibideak babesteko».

Nazioarteko ikerketa batek hegalaburraren mugimenduak aztertu ditu.
Nazioarteko ikerketa batek hegalaburraren mugimenduak aztertu ditu. (AZTI)

Atlantikoko hegalaburra (Thunnus thynnus), «mundu mailan enblematikoena eta preziatuena den itsas espezieetako bat», ohiko kokapenak aldatzen ari da, klima aldaketari aurre egiteko. AZTI zentro zientifiko eta teknologikoak ohartarazi du aldaketa horietaz, nazioarteko ikerketa zientifiko baten ondorioetan oinarrituta.  Ikerlanak dio mende honetan zehar ozeanoaren tenperaturaren igoerak espezie hori elikatzeko, ugaltzeko eta harrapatzeko eremuak aldatuko dituela.

‘Navigating Future Waters: The Resilience of the Atlantic Bluefin Tuna Under Climate Change’ du izenburu ikerketak, eta ‘Fish and Fisheries’ aldizkarian argitaratu da. Horren arabera, ozeanoa berotu ahala, hegalaburra pixkanaka iparralderantz mugituko da, ur «hotzagoak eta emankorragoak» bilatuz.

AZTIk adierazi duenez, mugimendu horrekin habitatak galduko dira eskualde tropikal eta epeletan, eta baldintza onak irabaziko ditu iparralderago dauden eremuetan, hala nola Europako iparraldean, Groenlandiako ingurunean edo ipar-ekialdeko Atlantikoan.

Beste proiekzio batek adierazten du hegalaburraren bi ugalketa-eremu nagusiak –Mediterraneo itsasoa eta Mexikoko golkoa– askoz ere desegokiagoak bihur daitezkeela ale helduentzat. Atmosferara isurtzen diren berotegi efektuko gasen egoera ezkorrenean, Mediterraneoko habitataren egokitasuna %27 murriztu daiteke, eta Mexikoko golkoarena, berriz, %70, eta horrek arriskuan jarriko luke espezieak epe luzera izango lukeen ugalketa arrakasta.

«Atun gorriak egokitzeko gaitasun handia du, baina gure proiekzioek adierazten dute aldaketa klimatikoa elikatzen den, ugaltzen den eta arrantzak lan egiten duen eremuen arteko oreka aldatzen ari dela», azaldu du Maite Erauskin-Extramiana AZTIko ikertzaile eta azterlanaren egile nagusiak.

Bere ustez, «funtsezkoa da klima aldaketak kudeaketa sistemetan aurreikusten dituen inpaktuak pixkanaka txertatzea, baliabideak modu eraginkorragoan eta jasangarriagoan aurreratu eta administratu ahal izateko».

Sardina, berdela eta txipiroia

Atun gorria elikatzen duten espezieen bilakaera ere aztertzen du lanak, hala nola sardina, berdela edo txipiroia. Presa horiek antzeko desplazamendua erakusten dute latitude altuagoetara, eta horrek eremu berriak sortzen ditu, non atuna eta haren presa nagusiak gainjarri egiten diren, bereziki eskualde borealetan. Eremu horiek «babesleku klimatiko» gisa jardun dezakete, edo etorkizunean bereziki egokiak izango diren eremu berri gisa.

«Klima aldaketak ekosistemei eragiteaz gain, itsas baliabideak kudeatzeko moduari ere eragiten dio», adierazi du Erauskin-Extramianak. Azpimarratu duenez, «joan-etorri horiei aurrea hartzea funtsezkoa da biodibertsitatea eta haren mendeko bizibideak babesteko».

Azterlanak ingurumen datuak, atun gorriaren presentzia, harrapakinen banaketa eta arrantza jarduera uztartzen dituzten eredu aurreratuak ditu oinarri, eta mende amaierara arte hainbat klima agertoki proiektatzen ditu. Emaitzen arabera, «premiazkoa» da arrantza kudeaketa «malgua eta klima-aldaketara egokitua» izatea, «muga tradizionalak errespetatzen ez dituzten espezieei erantzuteko gai izango dena».

Ikerketa hori Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eta FutureMares, SusTunTech, Mission Atlantic, Biodiversa+ eta SOMBEE proiektu europarren laguntzarekin egin da.