GAUR8

Laudioko Udalak hasiera eman die Latiorro auzoan 81 plazako aparkalekua eraikitzeko lanei

Latiorron 81 plazako aparkalekua eraikitzen ari da Laudioko Udala, anbulatorio eta antzoki berriek auzoan eragingo duten trafiko handiagoari aurre egiteko neurri multzoen artean. Lanak martxan daude jada eta lau hilabeteko epea aurreikusten dute.

Futbol zelaiaren ondoan eraikizten ari dira parking berria.
Futbol zelaiaren ondoan eraikizten ari dira parking berria. (Laudioko Udala)

Laudioko Udalak martxan jarri ditu parking berri bat eraikitzeko lanak Latiorron, anbulatorio berria eraikitzen ari den auzoan, inguruko trafikoa baretu eta aparkatzeko dauden zailtasunei irtenbidea emateko.

Aparkaleku berriak 81 plaza izango ditu eta Altzarrate futbol zelaiaren ondoko lursailean kokatuko da. Zehaztu dutenez, plaza guztietatik hiru mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokituta egongo dira.

Aurreikuspenen arabera, lau hilabeteko iraupena izango dute lanek. Udaletik azpimarratu dutenez, herriko anbulatorio eta antzokia berriek inguruan sortuko duten ibilgailuen-mugimendua arintzera bideratutako hainbat urrats egin dituzte, eta azken hau horietako bat da.

Izan ere, pasa den azaroan, inguruan jarri den autobus geltoki berriaren berri eman zuen Udalak, besteak beste, «mugikortasuna hobetzeko neurri multzo» baten barruan. Orduan iragarri zuten aparkaleku berria egokitzeko asmoa, «bisitari eta erabiltzaile kopurua handitzearekin batera egoerak okerrera egin» dezakeela kontuan hartuz.

«Ekimen honen bidez Udalak Latiorro auzoaren irisgarritasuna eta auzotarren bizi-kalitatea hobetzeko lanean jarraitzen du», adierazi dute udal Gobernuko iturriek ohar batean.