
Chloe Anthony Wofford, Toni Morrison bilakatuko zena, Ohioko Lorain herrian jaio zen 1931ko otsailaren 18an. Esklabo-familia baten ondorengoa, AEBko afroamerikarren historia ikertu zuen bere liburuetan eta afro-amerikar literaturaren sustatzaile nagusietakoa bihurtu zen. Pentsalari eta ekintzaile feminista izan zen ere.
Howardeko Unibertsitatean eta Cornell Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Gero Albanyko eta Princetongo unibertsitateetako irakasle izan zen, eta New Yorkeko argitaletxe bateko zuzendaria.
1988an, fikziozko Pulitzer saria irabazi zuen ‘Beloved’ liburuagatik eta, 1993an, Literaturako Nobel saria eman zioten. Sei hamarkadako ibilbide baten ondoren, ondare sakona utzi zuen.
Toni Morrisonen liburuek Estatu Batuetako gizartearen egoera aztertzen dute, emakumeena bereziki. Idatzi zuen lehen eleberria ‘The Bluest Eye’ (1970, ‘Begirik urdinena’) da, begi urdinak izan nahi lituzkeen neskatxa beltz baten istorioa. Ondoren ‘Sula’ (1973), ‘Song of Solomon’ (1977, ‘Solomonen abestia’), ‘Tar baby’ (1981, ‘Bikezko haurra’), ‘Beloved’ (1987, ‘Maitatua’) eta ‘Jazz’ (1992) idatzi zituen.
Saiakera bat ere idatzi zuen: ‘Whitness and the Literary Imagination’ (1992, ‘Zuritasuna eta literatura irudimena’).
‘Maitea’ (‘Beloved’) euskarara ekarri zuen Anton Garikanok 2004an. Gertutik islatzen digu esklaboen historia, eta haien ahalegin etsia askatasunaren bila. Benetako gertaera batean dago oinarritua: Margaret Garner kentuckyarrak «nahiago izan zuen bere eskuak blaitu seme-alaben odolaz, haiei esklabotzaren girgiluak jantzi baino...» (‘The Cincinnati Daily Enquirer’ 1856ko ekainak 29).
Iñigo Rokek GARAn argitaratu zuen kritikan hauxe zioen: «‘Maitea’ ez da orri-pasan ibiltzeko liburua, ahaztura sendatzekoa baizik». Floridako Estatuko eskoletan debekatu dituzten liburuen zerrendaren barnean dago titulu hau.
2019ko abuztuaren 5ean zendu zen New Yorken. Ordurako erreferente handia bilakatuta zegoen Toni Morrison.

