Lur Albizu Etxetxipia
Abertzalea eta feminista

Ez da hain sinplea

Mugimendu feministak eta feminismoak imajinatuko ez genituen aurrerapausoak eman ditu azken garaietan. Hamaika eremutako eztanda izan da, bizitzen ari garen iraultza handia. Feminismoak hezurretaraino politizatu gaitu, eta irakatsi digu politikaz, analisiez eta elkarrekin mundu berriak sortzeaz. Erraz esaten da, baina oso zaila da egiten.

Laster beteko dira hamar urte sanferminetan gertatutako talde bortxaketa batek kaleak astindu zituenetik. Baina zer gertatu zen auzi horrek piztu zituen mobilizazio, erantzun eta salaketa sozial irmo hura pizteko? Gertakari isolatu bezala ulertzeko arriskua dago, eta garrantzia daukana ez da hainbeste talde eraso hura (biolentzia egiturazkoa delako, ez?). Garrantzitsuena mugimendu feministak zer, nola eta zein prozesuren barruan lan egin zuen jakitea da, ikastea, gure historia -hau ere historia baita- hobe ulertu ahal izateko.

Izan ere, zenbat urte pasa ditu mugimendu feministak -eta ehunka emakume oso setatik- lanean? Asko eta, segur aski, gutxiren artean. Iruñerrian, 2016ra iristerako, hamarkadetako tradizio antolatua zegoen, sanfermin guztietan eraso sexisten aurka antolatzen ziren hamarnaka emakume, eta urte osoan zehar borrokatzen zen mugimendu feminista antolatua. Sanferminez ari garela, asko izan dira azken urteetan eman izan diren pausoak: Gora Iruñea eta Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak sanferminetako protokoloa jarri zuten martxan. Gaur egungora iritsi arte, eztabaida eta gatazka dexenterekin egin zuten aurrera feminista haiek, eta lortu zuten Iruñeko Udalarekin elkarlanean lan egin ahal izatea (lehentasuna ez delako korporatiboa, baizik eta gure bizitzak babestea eta erasoak salatzea). Beharrezkoa eta ezinbestekoa, eta, gainera, eredugarria, izan zena beste leku batzuetan antzeko protokolo eta esperientziak martxan jarri ahal izateko.

Iruñeak, hiri bezala, posizioa hartu zuen 2016 hartan. Baina hori ezin dugu ulertu, lehen esan dudan bezala, atzera egin gabe. Nire iritziz, Nagore Laffageren hilketak sozialki eragin zuenak bestelako aldaketa batzuk ekarri zituen 2008ko uztailaren 7 hartaz geroztik.

Eta 2016a -eraso hura gertatu zen urtea- eta 2018a -sententziaren aurkako mobilizazioena- ezin dira ulertu aurretik ez badugu gogoratzen zein mobilizazio jendetsua egon zen, adibidez, Txantreako jaietan 2014an. Gogora dezagun: Farrukas kolektiboa eta gaueko manifestazioak -uztailaren 4an, beti-, Feministok Prest mobilizazio-konfluentzia, autodefentsa feminista aldarrikatzen zuen pankarta txupinazoan, eta, beraz, jaiaren eta kalearen erdigunean…

Kaleak etengabe hartu ditugu, ez 2016an, ez gaur, ez urte batzuetan, eta eztanda batzuk ez dira kasualitatea: aspalditik gatoz, eta aspaldiko lan horri esker gaude gu gaur hemen. Ezer ez da kasualitatea eta, apropiazioak apropiazio, guk lan egiten jarraituko dugu. Ez bakarrik indarkeria matxistaren kontra: lan egiten jarraituko dugu jaietan espazio publikoaren erdigunea hartzeko, eszenatokiak eta txupinazoak okupatzeko -plataforma, handienak zarete!- eta askatasuna konkistatzeko, inork etxera lagundu beharrik izan gabe, adibidez.

2018ko sententziaren aurkako mobilizazioak “Nik sinesten dizut” erraldoia izan ziren, posizio politiko oso bat. Eta ez zen berdina izanen apenas hilabete eta erdi lehenago lehen greba feminista erraldoi hura antolatu izan ez balitz. Ezer ez da ez hain sinplea ez hain erraza. Eta duela hamar urte gertatu zen horrek ez du zentzurik duela 50, 42, 35 eta 9 urte egin zena kontuan hartu gabe. Posizio feminista argietatik. Etorkizunean ere hala izaten jarraituko du. •