
Sopelako Udalak soinu gailu berriak jarri ditu herriko semaforoetan, oinezkoen argi-seinale berdearekin batera laguntza sistema akustiko hori aktibatu dadin.
«Mekanismo hori sakagailu bidez, haririk gabeko agintearen bidez edo ‘Bluetooth’-a aktibatuta duen telefono mugikorraren bidez aktiba daiteke», azaldu du Udalak.
Sistema berriaren funtzionamenduaren inguruan zehaztu dute «‘Bluetooth’-a aktibatuta duen telefono mugikor bat detektatzen duenean oinezkoen pasabidera hurbiltzen, lokalizazio-tonu leun bat emititzen» duela «gailua ezagutzen ari dela adierazteko».
«Une horretatik aurrera, seinale akustiko desberdinek semaforoaren egoeraren berri ematen dute, eta erabiltzaileak orientatzen laguntzen dute», argitu dute.
Finean, semaforoa oinezkoentzat berde jartzen denean soinu bizia eta aldizkakoa jasoko du erabiltzaileak, gurutzatzea segurua dela adierazten baitu. Aldiz, argi berdea dir-dir egiten hasten denean, tonuak azkarragoak eta adizkakoagoak igorriko ditu sistemak, pasabidea igarotzeko denbora amaitzear dagoela adierazteko.
Azaldu dute, halaber, sistema beharrezkoa denean baino ez dela aktibatzen, kutsadura akustikoa murriztuz, ez baitu etengabeko zaratarik eragiten.
Sistemak, gainera, «ikusmen urritasuna duten pertsonen autonomia hobetzen» duela azpimarratu dute udal Gobernutik. «Irisgarritasun integrala» bermatzeko konpromisoan, pauso garrantzitsua dela azpimarratu du Unai del Burgo alkateordeak.
