Israel nork zigortuko du?
Aste honetan Israelgo erregimen kolonialak berriz ere utzi du agerian nazioarteko erakundeen egoera kritikoa. Azken oldarraldi honetan, administrazio sionistak nazioarteko legedia urratu eta beretzat hartu ditu Zisjordaniako lurretako ia bi herenak. “C eremuak” deritzotenak dira. 1995eko Osloko Bigarren Hitzarmenaren ondorioz indar okupatzaileak dauka eskumen militarra eremu horietan, NBEren legaltasunaren arabera Palestinarenak izan arren. Pasa den igandean, Israelgo Gobernuak, 1967ko Sei Egunetako Gerratik aurrekaririk ez daukan ebazpen batean, Jordan ibaiaren mendebaldeko lur horiek, Zisjordaniako azaleraren %60, estatu okupatzailearen izenean erregistratzea deliberatu zuen.
Alde bakarreko anexio horrek lotsagarri utzi ditu, beste behin ere, mundu-ordenaren joko arauak; eta kolokan jarri du Bigarren Mundu Gerraren ondorenean herrialdeen arteko harremanak arbitratzeko sortutako erakundeen sinesgarritasuna. Nazioarteko erantzuna, berriz, ez da gaitzespen adierazpen hutsaletatik harago joan.
Izan ere, ez NBEko Segurtasun Kontseiluak, ez Nazioarteko Justizia Auzitegiak, ez beste inongo eragilek ez dauka adierazpen hutsalak egitea baino haragoko eskumenik. Kontaezinak dira Israelen kontra nazioarteko epaitegiek kaleratutako ebazpenak, besteak beste, genozidio-krimenengatik; baina erakunde horiek ez daukate ebazpenok betearaziko dituen organorik. Balizko zigor horiek tokian tokiko gobernu eta administrazioen esku geratzen dira, eta betearaztekotan, tokian toki betearazi beharko dira.
Gasteizen aukera paregabea izango dugu aurki. Datozen hilabeteotan Israelgo kirol enbaxadore gorenenak dira gurera etortzekoak, Tel Aviveko Hapoel eta Maccabi. Bata zein bestea ezinbesteko tresnak dira erregimen genozidaren irudia garbitzeko estrategian. Benetan nazioarteko zuzenbide humanitarioa akabatuta ez dagoela sinistu nahi badugu, kirol ekitaldi horiek galarazi egin behar ditugu. Gure ardura historikoa da. Gure zigorra. •


