Tintearena
Zutabe hauetako sinaduraren aldameneko argazkia berritu behar dutela eta, editoreak erretratu berri bat eskatu zidan. Lan ikaragarriak izan ditut argazki arrunt bat aukeratzen. Haurrekin ateratzen naiz ia denetan, eta, okasiorako propio egindakoetan akatsak baino ez dizkiot ikusten nire irudi izoztuari: «Gaizki zahartzen ari naiz».
Badira hamar urte ilea gorritu nuenetik; geroztik auskalo zenbat alditan galdetu ote didaten benetako kaskagorria ote naizen edo ez. Horrek (ere) lagundu dit nerabetan estali nahi izan nituen aurpegiko orinak maitatzen.
Erabaki estetiko bat izan zen, guztiz; nire subjektibotasun ustez askeak deliberatutako zerbait. Kontua da orduan anekdotikoak eta orain hegemonikoak diren ile urdinak estaltzeko metodo ere bilakatu dela tintearena. Hilabetean behin “niretzako tarte bat” hartzeko aitzakia, Instagramen salduko liguketen bezala; bizitzaren iragate ezinbestekoari kontra egiten saiatzeko saiakera eta ile-apaintzailearekiko morrontza, ispiluak erakusten didan bezala.
Sekula baino gehiagotan pentsatzen eta ahoskatzen dut zahartzen ai naizela eta, egia esan, ez dakit ziur horren oihartzuna nigan beti ona ote den. Teoria eta iritzia badakizkit: ez dugu zahartzea beste paturik, arnasa hartzen, salto egiten, haserretzen, plazera sentitzen, erabakitzen jarraituko badugu. Praktikan, ordea, nahiago genuke hori guztia egin, ile urdinik gabe. Ezta?
Urrun geratzen zaizkit zerbaitek rentatzen duela dioten giroak. Fenomeno sozial moduan aztertzen dut gu bezalakoei barre egiteko bat-batean loratu den seis-siete jerga-jolasa. Gogoratzen naiz gure gurasoek nire adina zuteneko egunez. Gero eta gehiago pentsatzen dut haiek akaso izango dituzten zaintza-beharrekin; are, haiek faltako diren balizko egunen kolore, usain eta forma ukiezinekin.
Gure kontraesanen hausnarrean, gure zimurren tolesean eta bide honen ziurgabetasunean, ezin jakin nork zaindu beharko duen nor eta nork tindatu beharko dizkion nori ile urdinak. Berrogeien atarira iritsi behar izan dut bizitzaren logikaz jabetzeko: zahartzea da bizitzen jarraitzea. •


