Maddi Aiestaran
Bertsolaria

Martxa honetan

Martxoak 3, oihuak, txaloak, bertsoak, txistu-danbolinak, aldarriak, oihartzunak, ahotsak, jendetza Gasteizko San Frantzisko elizaren aurrean: «herriak ez du barkatuko», «gora langileon borroka». Martxoak 8, milaka feminista, garrasiak, bandera haizeztatuak, txilibituak, leloak, aldarriak, txaloak, danborrak, taupadak, borroka-hotsak hiri eta herrietan: «ikusten dudan terfari aurpegian zaplada bi», «gora borroka transfeminista».

Martxoak 14, oihuak, txaloak, leloak, amorrua, aldarriak, txistuak Iruñeko Baluarten: «NATO ez», «Euskal Herria antiinperialista». Martxoak 17, greba orokorra, aldarriak, ahotsak, txaloak, garrasiak, oihartzuna, helburu bat, mugimendua, zarata kaleetan: «LGS hemen erabaki». Martxoak 19, pantailak, mikrofonoak, ahotsak, furgonetak, oilo-ipurdiak, aldarriak, irrintziak, «Xiberutikan mendebaldera», txalo-zaparradak, uluak, hizkuntza bat bizi-bizirik Atarratzen: «tipi-tapa tipi-tapa, Korrika», «Atarratzen ere, euskararen alde».

Urteko garai honetan, kukua noiz esnatuko zain ibiliko dira igual lokatz-bideetan baten batzuk. Kukurik ez baina esna dagoen herri baten hotsa entzuten da lokatz-bide bestelakootan: garrasiak kalean, aldarriak paretetan, ekin-nahia eztarri, esku eta oinetan.

Goazela kalera eta entzun dadila esateko daukaguna; sinets dezagula, kukuaren zerak lekarkigukeen aberastasunean baino, kalean elkartzen garenok eragiteko izan dezakegun indarrean.

Duela gutxi norbaitek komentatu zidan nekatu egingo garela martxo honetan; erantzungo nioke, neka-neka eginda ere, udaberria esnatzeko modu ederra litzatekeela luze eta indartsu jarraitzea martxa honetan. •