Mendi buelta bat
Igandea da, eta espero baino goizago ernatu naiz. Nahiko lan izan dut begiak erabat irekitzeko, baina leiho-oholen artetik sartu den argi-printzak aurpegian jo didanean ohartarazi diot neure buruari: gaur goiz lasai bat izanen da. Botak jantzi eta mendi buelta bat ematea erabaki dut gosaldu ondotik (eguzkia sentitzea, batzuetan ez dugu gehiago behar izaten). Eta, bertze hainbertzetan egindako bide beraren alde egitea erabaki dut. Ez dakit zer sentitzen nuen gehiago, betikoa egin eta deskubrimendu berriak izatearen itxaropena, edo gehiegi ez pentsatzeko gogoa. Etxetik goiti abiatu naiz txakurrak lagun, eta Zumalkoko bidegurutzean herria tapatzen duen behe lainoari so gelditu naiz une batez. Itsaso bat dirudi hodei zuri zabalak, eta ematen du agerian dagoen mendi-kasko bakoitza itsaso hartan sorturiko irla bat dela.
Hats berrituta gorputza biratu, eta parez pare azaldu zait begien artera herriko zaindaria: Larhun. Zangoz, begiz eta pentsamenduz ibili izan naiz noiznahi Larhunera joan-etorrian. Dagoeneko antzematen zaio udaberrira azalberritzen ari dela eta berdatuta ikusten zaizkio kasko azpiko belardiak. Hiru bentak eta antena luzea ikus ditzakedan arren eta nahiz eta martxoan gauden, nagoen tokitik ez lirateke ikusiko uda partean San Inazioko lepotik trenez igotzen diren turista frantses guztiak. Ekainetik irailera arte, egunero, jendez mukuru izaten da Larhun gaina. Batzuetan, ez du ematen mendia denik ere.
Garai batean gure herriko parajeetan mugako benta ttikiak nonahi ikusten zirela aditu izan dut etxean. Ardi-borda zaharrak edo egurrezko txabolak izaten ziren batzuk, eta ohiko bezeroak ez ziren souvenir-ak erostera joandako paristarrak izaten. Alkohola erostera, egarria asetzera edota mokadu bat egitera joaten zen jendea Gondendiagara, Miaiara, Zizkuitzera edo Yasolara, adibidez. Egunez baino, arratsez egiten zen lan Bera inguruetan, eta mugako bentak bidezidorren arteko ohiko geltokiak izaten ziren. Haien paretek makina bat solas aditu izanen zituzten kontrabandoari buruz. Itxi, erori edo erre egin ziren gehienak, eta gaur ezagun ditugun mugako benten funtzionamendua gehiago da sakeletara begirakoa, oinez egiteko mendi xendetara begirakoa baino.
Txakurren zaunkek itzularazi naute bidera benta zahar haien errestoen bilaketatik. Aitzinean ditudan muino eta bizkarretan gaindi ibiliko ziren kontrabandistak bizkarrean pisu handiak hartuta. Etxean ere baditugu izandako batzuk. Ilargiaren argitan egiten zituzten guri erdi-ezezagun zaizkigun bideok. Kargak bizkarrean, gizonak aritzen ziren, baina etxeko andreek ez zuten haiek baino gehiago lo egiten. Paketeak prestatzen, etxea zaintzen edota zenbaiti babesa eskaintzen aritzen ziren noiznahi.
Aitzinera segitu dut, nire pausoak gau goxo, euritsu edo hotz horietan eskapo zebiltzanen pausoak direla irudikatuz. Oharkabean pasatu ditut alertzeak, elorri beltz eta zuriak eta bertako haritz zaharkituak, etxeranzko bidea hartzeko. Hainbertzetan aditutako zorigaitzeko karga-galtzeak, igerian jakin gabeko ibai-zeharkaldiak, arrats-euritsuetako hotzak, tiroketak, salakeriak, gezurrak, aduanak, mugarriak, bidean galdutako ezezagun eta lagunak, sentitutako beldurrak edo jasotako jornalak etorri zaizkit gogora. Badira bizitu gabe iltzatuta gelditzen diren oroitzapenak.
Guarden eta salatarien beldur bizi izan direnek ez dituzte hitzak soberan erraten, eta ongi badakite zer eta nola erran behar duten. Galdetzen eta aditzen jakitea da kontua.
Bizirik gelditzen diren gehienek oraindik ongi aski oroitzen dute bidezidorretan emandako pausu bakoitza, eta bizitutakoa gurekin elkarbanatzeko oparia eskaintzen digute tarteka. Bake handia ematen du entzuten zaituztela sentitzeak, norberak egindakoari bertze norbaitek ematen baitio balioa gehienetan. •



