«Ni Euskal Herrian barruan sentitzen naiz euskarari esker»

Ataungo plazan irribarretsu hartu gaitu Ariel Martinezek. Berez, Ariel Andres Martinez Flores da. «Gure herrian garrantzia ematen diogu gure izen bikoitzari eta bi abizenei». Ataunen bizi da duela bi urtez geroztik, baina Hondurasen sortu zen duela 19 urte, San Pedro Sula izeneko hirian hain justu.
Bi urte daramatza Euskal Herrian, Ataunen esan bezala. Bere ama erizaina da eta duela bederatzi urte etorri zen Euskal Herrira lanera. Ariel etortzerako, amak eta aitaordeak abisua emana zioten: «Hemen, gazteleraz gain, beste hizkuntza bat dago. Euskal Herriko hizkuntza euskara da eta ikasi egin beharko duzu». Gazteleraz badaki, moldatu zitekeen euskararik gabe, baina oso barneratuta dauka tokian toki bertako hizkuntza jakitea garrantzitsua dela.
Hamar urte zituela amak Euskal Herrira migratu zuen. Senideekin geratu zen Ariel Hondurasen. Amaren hutsunea ez zen samurra izan. «Amak beti animatu gaitu gauzak ikastera, eta, Euskal Herrira etortzean, euskara ikastera animatu ninduen: aukerak zabalduko dizkidala, lagunak emango dizkidala, gauzak deskubrituko ditudala... Aitaordea Ataungoa da eta berak eta osabek euskaraz egiten dute beti. Oso garbi izan dut euskaraz ikasi behar nuela eta inguruak ere asko lagundu dit».
Euskal Herrira iritsi orduko, Tolosan egin zuten geldialdia mokadu bat jateko. Bertan, taberna batean, paperezko musuzapi batean irakurri zituen euskarazko bere lehen hitzak: “Eskerrik asko”. «‘Muchas gracias’ eta ‘eskerrik asko’ jartzen zuen. Beraz, berehala ulertu nuen zer esan nahi zuen ‘eskerrik asko’ horrek. Horixe da ikasi nuen lehen esapidea. Konturatu nintzen oso hizkuntza desberdina zela euskara eta jakin-mina piztu zidan».
Hasieran etxe inguruan hasi zen euskara ikasten. Donostiako Ilazki euskaltegian aritu zen hilabete batzuetan eta Maizpidera aldatu zen gero. 2024ko uda osoa eman zuen bertan euskara ikasten eta 2025. urtean, zortzi hilabete segidan eman zituen euskararekin jo eta su. «Lanbide Heziketan automobilgintzako ikasketa batzuekin hasi nintzen, baina ez zitzaidan gustatu. Beraz, ikasketak utzi eta euskara ikasten jarri nintzen buru-belarri».
Orain osasungintzaren alorreko Lanbide Heziketako goi mailako ziklo batekin ari da, oso gustura. «Nire anaia zaharrenak 21 urte ditu eta Medikuntza ikasten ari da Hondurasen. Ama erizaina da eta niri ere gustatzen zait osasun alorra. Orain Urnietan alor horretako ikasketak egiten ari naiz eta nire asmoa da hortik unibertsitatera salto egitea, Medikuntza ikastera. Euskaraz dakien medikua izango naiz. Nire anaiak, ikasketak amaitzen dituenean, Euskal Herrira etorri nahi du mediku bezala lan egitera. Dagoeneko esan diot euskaraz ikasi beharko duela!», azaldu du. Urnietako ikaskideak harro omen daude Ariel Martinez euskararen enbaxadore bezala agertzen ari delako komunikabide desberdinetan.
«Euskarari esker harreman oso onak egin ditut, bai Maizpiden eta bai nire ikasketetan. Euskal dantzak deskubritu ditut, euskarazko liburuak, bertsolaritza ere ezagutu dut... Jende asko gerturatzen zait zoriontzera euskaraz ikasi dudalako. Euskaldunei gustatu egiten zaie kanpotarrak euskaraz entzutea, poz hori nabaritzen dut nik. Nik familiari esker ikasi dut euskara, oso garbi adierazi didatelako euskaraz ikasi behar nuela Euskal Herrian bizitzeko. Integratzeko modua ere bada. Ni beti saiatzen naiz lehen hitza euskaraz egiten, barruan daukat hori, eta euskaldunen erreakzioa ikustea oso ederra da. Ni Euskal Herrian barruan sentitzen naiz euskarari esker».
Martinezek azkar garatu du euskararen aldeko kontzientzia, inguruak ere lagundu diolako. Baina badaki gazteleraz dakiten migratzaile askok ez dutela euskaraz ikasteko premiarik sentitzen. «Batzuetan kanpotik etorri denaren gainean jartzen da ardura, baina ardura guztiena da. Euskaldun askok ez badute euskaraz egiten, ez dakienak ez du euskara ikasteko beharrik sentituko», iritzi dio gazteak.
Ataungo Troskaeta tabernan eserita, bizpahiru herritar gerturatu zaizkio maitasunez agurtzera. «Horietako batekin taloak egiten aritu nintzen aurrekoan. Guk Hondurasen tortillak ditugu, oso antzekoak. Baina hemen batzuek taloa txokolatearekin jaten dute eta horrek asko harritzen nau. Taloa eta txokolatea?», bota du irriz gogoeta.
HIZKUNTZA TXIKIEN KONTZIENTZIA
Hondurasen badute garifuna izeneko hizkuntza, txikia eta hiztunak galtzen ari dena. «Oso arraroa da norbait hizkuntza horretan entzutea. Euskara ikasi ondoren, badakit zein garrantzitsua den norberak bere hizkuntzari eutsi eta hizkuntza txikiak zaintzea. Kontzientzia hartu dut. Gustatuko litzaidake Hondurasen garifuna hizkuntza bizirik mantentzea. Orain arte ez nuen horretan pentsatu».
Oso ohikoa izaten da euskara ikastea zaila dela entzutea. «Erraza ez da. Gainera, niri asko gustatzen zait hitz egitea eta hasieran sufritu egiten nuen kostatu egiten zitzaidalako esan nahi nuen guztia euskaraz esaten. Erraza izan ez arren, ahaleginduta lortu dut ikastea. Irakasleek asko animatu naute, gaitasuna dudala sinetsarazi didate eta euskaraz hitz egiteko gogoak bultzatu nau denbora guztian. Pozik nago ikasi dudalako. Gauza asko ematen ari zait euskara».
Hitanoak deitu du orain Arielen arreta. «Ataungo hitanoa interesatzen zait. Behin, hemen Ataunen, ‘nitxok’ eta ‘nitxon’ entzun nuen eta harrituta geratu nintzen, zer da hori? Azaldu zidaten eta asko interesatzen zait. Izugarri ederra iruditzen zait zenbait tokitan hitanoari nola eusten dioten ikustea. Gustatuko litzaidake hitz egitea, baina nahiko zaila da», esan du.
Duela hamaika hilabete jaio zen bere anaia txikia. «Txoratuta nago berarekin», aitortu du. «Aitak hitanoa erabiltzen du anaia txikiarekin. Pentsa, lauzpabost urte dituenerako, primeran egingo du euskaraz eta hitanoa maneiatuko du. Nik ere nahi dut ikasi ordurako, anaia txikiarekin erabiltzeko», aitortu du bere erronka.
Bigarren Korrika izango du aurtengoa. «Nire lehenengo Korrikan, aitaordeak azaldu zidan oso garrantzitsua dela ekimena euskara bultzatzeko. Egia esan ez nion garrantzi handirik eman. Orain, euskara ikasi eta gero, beste begi batzuekin begiratzen diot Korrikari, beste garrantzia bat hartu du niretzat. Korrika gogoz bultzatu nahi dut».



