Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Txapela probatu duten hiru eta finala lehen aldiz probatuko duten beste hiru

Europa Biltzar Jauregian jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala. Sei bertsolari igoko dira oholtzara. Iñaki Viñasprek, Peru Abarrategik eta Aroa Arrizubietak badakite zer den txapela janztea; txapel bana dute. Maddi Agirre, Unai Anda eta Martin Abarrategi finalista berriak dira.

Finalistak eta txapel emailea asteon izandako aurkezpenean.
Finalistak eta txapel emailea asteon izandako aurkezpenean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Ailegatu da Arabako finala. Gaur arratsaldean jokatuko da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, Almudena Cid aretoan hain justu. Mila bertsozalerentzat tokia paratuko dute bertan eta sarrerak izango dira azken unera arte. Toki berria dauka aurten finalak, Principal antzokia eraberritzeko lanetan dagoelako. Hori ikusita, Arabako Bertsozale Elkarteak erabaki du une egokia izan daitekeela apustua egin eta finala areto handiago batera eramateko. Bi gauzak elkartu dira, egoera eta erronka.

Txapelketak aurten izan du beste berrikuntza bat ere. Final laurdenetako eta finalerdietako puntuak batuta erabaki da finalisten seikotea. «Aldaketa ondo joan da, lehen aukerak eta bigarrenak, biek balio zuten eta horrek jokoa eman du, ikusmira sortu du», adierazi du Uxue Diaz de Ceriok, txapelketaren arduradunak.

FINAL OSO GAZTEA

Iñaki Viñaspre izango da finaleko beteranoa. 42 urte ditu eta hamalaugarrenez kantatuko du finalean. Gainontzekoak 30 urtetik beherakoak dira eta hiru finalista 25 urtetik beherakoak. Beraz, gaztetasuna eta belaunaldien arteko erreleboa badira finalaren ezaugarri.

Bada beste datu esanguratsu bat. Finalistetan gazteena da Maddi Agirre, 20 urterekin. Txapelketan oso bide ona eginda iristen da Agirre Gasteizko finalera; Izarran eta Dulantzin kantatu zuen eta bi saioetan puntuazio onena lortu zuen gasteiztarrak.

Eta bi anaia arituko dira oholtzan finalean, Aramaioko Peru eta Martin Abarrategi. Hori ere ederra izaten da.

Hamahiru bertso puntuagarrik erabakiko dute buruz burukora pasatuko den bikotea. Zortziko nagusia, hamarreko txikia, zortziko txikia, seiko motza eta neurri librea finaleko lehen partean. Buruz burukoan, Iparragirre abila dela doinuan hiruna bertso eta ganbarako lanean beste hiru. Ondoen aritzen denak bururatuko du txapela, Martxoak 3 elkartearen eskutik.