Gaur 8

45 urte igaro dira Ronald Reaganen aurkako atentatutik

Duela 45 urte, AEBetako Presidentetza hartu eta bi hilabete eta erdira, Ronald Reaganek atentatu bat jasan zuen Washingtonen. Larri zauritu zuten, baina bere bizitza ez zen arriskuan egon. Atentatu bat jaso zuen AEBetako bederatzigarren agintaria izan zen. 

‘Egin’ egunkariko egun hartako azala.
‘Egin’ egunkariko egun hartako azala. (NAIZ)

1981eko martxoaren 30eko irudi hauek munduari itzulia eman zioten. AEBko presidentea bihurtuko zen Hollywoodeko aktore ohia, kargua hartu eta 70 egunetara, atentatu mediatiko baten protagonista bihurtu zen. Filma bateko irudiak ziruditen egun hartakoak.

Etxe Zuriko maizterra 1980an aukeratu zuten eta 1981eko urtarrilaren 20an izendatu zuten presidente. Larri zauritu zuen erasoa boterean 70 egun eskas zeramala gertatu zen, Washington Hilton hotelaren atarian bere autoan sartzera zihoala.

Erasotzaileak presidentea inguratzen zuen prentsaren gune itxia gainditu eta hiru metro baino gutxiagotik egin zion tiro Reagani. Bizkartzain batek bizia salbatu zion, atea irekita zeukanean auto barrura bultzatu zuelako presidentea. 

Tiratzaileak hiru eta sei tiro artean egin zituen atxilotua izan aurretik, hurrengo eguneko ‘Egin’ egunkariko kronikan irakur zitekeenez. Presidentearekin batera, Jim Brady Etxe Zuriko prentsa idazkaria zauritu zuten –hasiera batean hiltzat jo zuten–, eta balazo bat jaso zuen buruan; baita ere Tim McCarthy Zerbitzu Sekretuko agentea, Reaganen gainera , bera babesteko, bota zena; eta Thomas Delahas polizia, bizkarrean. 

Reagani bala bat ezkerreko besapetik sartu zitzaion eta ezkerreko birika zauritu zion, toraxean sartuta geratzeko. Bere egoera larria zen, baina bere bizitza ez zen arriskuan egon eta, are gehiago, «22 kalibreko balazo bat gainean izan arren umore bikainez iritsi zen ospitalera». «‘Ez zaitez nitaz kezkatu, honetatik aterako naiz’, esan omen zion Paul Laxalt euskal jatorriko senatari eta lagunari», Artefaktuak jaso zuenez.