Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Elkarrizketa
Mark Galeotti
Irakaslea eta idazlea

«Gure finantza sistemak ekonomia kriminaletan oinarrituta daude»

«Homo Criminalis» (Capitan Swing) argitaratu du irakasle britainiarrak. Hanparen historiaren errepaso bat da, krimena gizartetik kanpoko gorputz arrotz bat delako ideia bera deuseztatzen duena.

Mark Galeotti.
Mark Galeotti. (CAPITÁN SWING)

Noiz bihurtzen da bidelapurra monarka? Eta mafia gobernu? Galdera horietatik abiatzen da “Homo Criminalis”. GAUR8rekin izandako elkarrizketan, Mark Galeottik gogorarazten du Estatu antolatuek krimen antolatua sortzen dutela, gure finantza sistemak ekonomia kriminalen gainean eraikita daudela. Bere iritziz, Mendebaldeak bere immoralitatea esportatzen du, nahiz eta beste batzuei gaizkile deitu.

Zure liburua Cervantesen «Rinconete y Cortadillo» eleberriaren pasarte batekin hasten da. Sevillako lapurren ermandadeari buruzko testuak ezin hobeto deskribatzen du XX. mendeko New Yorkeko mafia siziliarra. Zer dio paralelismo horrek?

Horrexegatik ireki nuen liburua istorio horrekin, pentsatu nuelako krimen antolatua jarraitzen duen edonori ezaguna egingo zitzaiola. Eta esaten digu, noski, delitu edo arma motak denborarekin aldatzen direla, baina gizakiak, funtsean, gizaki direla. Eta Estatuak kontrola mantentzeko, diru sarrerak lortzeko eta gastatzeko makinak direla. Elkarrekintza horretatik sortzen da krimen antolatua. Estatu antolatuek krimen antolatua sortu dute. Mafiarekin hasi zelako eta XX. mendeko zerbait delako ideia eroso hori faltsua da guztiz. Edozein garaitako jendeak onartuko lukeen zerbait da.

Estatu modernoak gaur egun krimen antolatu izendatuko genituzkeen taldeetatik sortu zirela diozu. Adibidez, britainiar lord askok titulua lortu zuten koroak bereganatu nahi zituen bidelapurrak zirelako. Hori al da edozein Estaturen sorrerako trikimailua: kriminal boteretsuenak legeztatzea eta gainerakoak jazartzea?

Ez dut nahi pentsatzea Estatu guztiak enpresa kriminalak direla, hori sinplifikatzea izango litzateke. Baina azaleratzen joan ziren moduari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu indarkeria eta larderia modu adimentsuan erabiltzeko gai izan ziren pertsonek sortu zituztela. Afganistanen, nork du boterea, talibanek edo tokiko gerra jauntxoek? Somalian, Estatua erortzen denean, nork hartzen du boterea? Indarkeria erabiltzen dakiten pertsonek. 2014. eta 2022. urteen artean, Donbassen ere, alkate berri asko aukera aprobetxatu zuten gangsterrak ziren. Maoren esaldi zahar bat badago horren inguruan: «Boterea fusil baten kanoitik sortzen da».

Ba al dago ekonomiako sektorerik krimen antolatutik erabat libre?

Ez. Eta ez, hein handi batean, diru zikinak gure finantza sisteman bidea sakon ireki duelako. Jarduera guztiz legitimoa egin eta zerga guztiak ordaintzen badituzu ere, ezinezkoa da jakitea jasotzen duzun banku mailegu horrek jarduera kriminaletan jatorririk ba ote duen. Onartu behar da gure finantza sistemak ekonomia kriminaletan oinarrituta daudela.

Zuk idazten duzu krimena dela, neurri handi batean, botereak erabakitzen duena.

Bai. Eta horren aurrean, «legeztatu dezagun dena» esatea litzateke errazena. Gauza batzuk, arrazoiz, txartzat jotzen ditugu. Heroina izugarri kaltegarria da. Noski saiatuko garela debekatzen. Arazoa ez dago debekuan, edozein gizarteren funtsezko tresna da. Estatuak eta gizarteak debekatu behar dela uste dutenaren arteko arrakala da arazoa. Gorbatxoven alkoholaren aurkako kanpaina dut gogoan. Errusiarrei alkohola ukatzen saiatzea beti izango da akats arriskutsua. Horregatik gonbidatu zuen jendeak krimen antolatua haien etxeetara, ez zirelako indar gaizto bat: zure semearen ezkontza ospatzeko edaria lortzen zizuten tipoak ziren. Zenbat eta handiagoa izan arrakala hori, gero eta leku zabalagoa sortzen da krimenak koloniza dezan.

Dokumentatu zenuen nola Kremlinek aliantzak egin dituen sare kriminalekin Europak inposatutako zigorrak saihesteko.

Putinen politiken beste adibide bat dira, gaur egun zentzua izan dezaketenak, baina etorkizunean oso inplikazio larriak izango dituztenak. Gangsterrek ez diote mesederik egiten Kremlini, harreman hori guztiz transakzionala da. Horren truke zigorgabetasun handiagoa lortzen dute, besterik ez. Badakigu badirela Errusian drogekin eta pertsonekin trafikatzen duten taldeak, portuetan eta aireportuetan kontrolak ekiditen dituztenak, Europak zigortutako merkantziak ere sartzen dituztelako bueltan.

Bi dira horren guztiaren inplikazioak. Lehenik, kriminalak boteretsuagoak bihurtzen dira. Bigarrenik, kriminalen eta Estatuaren arteko harremana estutu egiten da. FSB segurtasun agentziako ofizialak gangsterrekin esertzen badira, gero eta arrisku handiagoa dago ofizial horiek eremu kriminalera eramateko. Ukrainako gerra amaitzen denean, litekeena da ezegonkortasun aldi bat izatea: beterano asko jarduera kriminaletara pasako dira.

Aleotti, hitzaldi batean. (CAPITAN SWING)

Eta AEB? Washingtonek bere historia dauka narkotrafikatzaileekin. «Estatu zital» baten eta «Mendebaldeko demokrazia» baten arteko aldea morala da benetan ala harreman publikoen kontua?

Kontuz ibili behar dugu “gu gara onak eta besteak gaiztoak” bereizketa horrekin. Errusia eta Mendebaldea funtsean berdin ikusten dituzten diplomazialari afrikarrekin hitz egiten dut. Haiek potentzia inperial gisa ikusten dituzte biak, haien borondatea eta moraltasuna beste guztiei inposatzen saiatzen direnak. Maila batean esportatzen dugu gure moralgabetasuna. Krimena gure mugen barruan borrokatzen dugu, baina, batzuetan, prest gaude beste leku batzuetan krimena babesteko, baliagarria bazaigu. Duela gutxi arte, Alemanian eroskeria delitu bazen ere, atzerrian onartuta zegoen eta enpresa alemaniar batek gastu kengarri gisa apuntatzen zuen. Gure moraltasuna gure mugetan amaitzen delako sentsazio hori oso nabarmena da.

Krimen antolatuaren mapa marraztu beharko bazenu, nor ari da egun irabazten?

Piramide egitura handien garaiak -Siziliako mafia, Triada, Yakuza- amaitu dira, eta orain askoz ere sare lausoagoak sortzen ari dira. Errusiako krimen antolatua Europan boteretsua da, baina oso gutxitan agertzen da kaleetan. Italiarrak, Italiatik kanpo, krimenaren bankari bihurtzen ari dira; eragiketa bat egiteko edo dirua zuritzeko mailegu bat behar baduzu, haiengana jotzen duzu. Baina nork irabazten duen ikustea baino, interesgarriagoa da lurraldeei begiratzea: India, Txina eta Brasil hazkunde eremuak dira negozio legitimorako, baita ez-legitimorako ere. Diru gehiago dago; erregulazioa baino azkarrago hazten ari dira enpresak. Herrialde bat garatzen denean, aukera kriminalak ere garatzen dira.

Eta Estatu espainola? Hamarkadak daramatza Europara kokaina sartzeko ate nagusietako bat izaten.

Igarotze puntu bat da. Bertatik pasatzen dira drogak, baina Espainiako krimen antolatua ez dugu ikusten Eskandinaviara edo Alemaniara doazen bideetan. Espainian operatzen duten talde kriminal atzerritarrak eta autoktonoak pozik daude herrialdea zeharkatzen duten narkotikoen eta pertsonen fluxua zergapetzearekin. Eta egoera horrek adierazten du ez dagoela benetan krimen antolatu boteretsuaren azpikultura bakar bat Espainian. Barietatea dago, Britainia Handia bezalakoa da. Ez dugu mafiarik, baina bai banda txiki eta lokal asko.

Krimen antolatua murriztu ahal bada, baina inoiz ez garaitu, zein da irtenbidea?

Zintzoak izatea. Britainia Handian, politikariek «drogen txalupak geldituko ditugu» esaten dute, baina ez dugu inoiz kriminalitatea erabat gaindituko. Bigarren, politikak praktikan jartzeko orduan pentsatzea. Zerbait debekatzen dugun bakoitzean, aukerak sortzen ditugu kriminalentzat. CFC gasak debekatzen ditugu ozono geruza suntsitzen dutelako. Primeran. Baina harritu egiten gara legez kanpoko merkatu bat agertzen denean.

Hirugarren gakoa Estatuaren eta gizartearen arteko arrakala da. Zerbait debekatu nahi baduzu eta gizartearen zati handi bat ez badago ontzian, gehiago pentsatu beharko duzu hezkuntzan, adostasuna eraikitzen. Gizartea zurekin eraman behar duzu.