Gaur 8

Mende bat beteko luke Consuelo Irasuegi erraketistak

Gaur bezalako egun batean jaio zen Eibarren, duela 100 urte, Consuelo Irasuegi Prieto (Eibar, 1926ko martxoaren 31- Durango, 2024ko uztailaren 16a) erraketista profesionala. Familia ezkertiar baten alaba, kartzela, heriotza eta jazarpena sufritu zituen 36ko Gerraren ondoren.

Eibarko erraketisten eskola.
Eibarko erraketisten eskola. (EIBARKO UDAL ARTXIBOA)

XX. mendearen hasieran emakumezkoak kirolean aritzen hasi ziren; garai hartan anekdota hustzat hartu bazen ere, gaur egun esan dezakegu horrek aldaketa garrantzitsua eragin zuela emakumezkoen ikusizko imajinarioan. Kirolari horien artean erraketistak izan ziren ospetsuenak eta, erraketista guztien artean, eibartarrena izan zen talderik garrantzitsuena; izan ere, Eibarren hiru erraketista-eskola egon ziren, garai hartako prentsak unibertsitate-mailara igo zituenak.

Horietako bat izan zen Consuelo Irasuegi Prieto (Eibar, 1926ko martxoaren 31- Durango, 2024ko uztailaren 16a), aurrelari posizioan jokatu eta Chelo izenarekin kantxaratu zena. Sabadellen izen bereko frontoian debutatu zuen eta Bartzelonako Nuevo Mundon jokatuko zuen gerora.

«Astean hiru egunetan jokatzen genuen, atseden hartu behar zelako. Nik 16 edo 17 urte nituen eta erraketarekin hasi nintzen, aitak esku pilotan jokatu zuelako. Gurekin ere apustuak egiten ziren! Miamin bezala… Une oso politak izan ziren haiek han ez zegoelako bonbarik, baina gauza bat esango dizut: bonbardaketek berriz etor zitezkeelako beldurrarekin jarraitzen nuen gorputzean sartuta», kontatu zion 2023an Iban Gorriti kazetariari. 

Elkarrizketa hartan gerrako oroitzapenak kontatu zituen, latzak denak. Aipatu zuenez Eibarren, hirunaka zetozen hegazkinen beldur, egun osoa ematen zuten ezkutuan. Tropa frankistek hiria airez eraso egin eta mende hartu zutenean, familiak alde egitea erabaki zuen, lau gauzatxo hartuta eta astebetera etxeratzeko esperantzarekin: babesa eman ahal zien senide ugari zituzten han-hemenka eta haiengana jotzea erabaki zuten. Lemoara lehenengo, Ondarroara gero, Gallartara jarraian eta azkenik Durangora.

Hantxe, 11 urte betetzen zituen egun berean, martxoaren 31n, Durangok jasan zuen lehen bonbardaketa handia. Bonbek izeba Severiana hil zuten Ezkurdin eta Eibartik etorri zen Carmen ahizpa hilaren gorpua berreskuratzeko asmoz. Familia ez zen sekula Eibarko euren etxera itzuli.

Aitak Asturiasen borrokatu zuen eta atxilotu ostean, Galizian kartzelaratu zuten. Pilotaria izandakoa zen, esku-huskako modalitatean Otxandixo izenarekin jokatutakoa. Alabaren esanetan, haren pilotarekiko zaletasunak bultzatu zuen bera erraketan trebatzen hastera, 16 edo 17 urteko gaztea zela.