GAUR8

Ramiro Arrue, Euskal Herria inspirazio iturri izan zuen margolaria

Donibane Lohizuneko bere etxean zendu zen gaur 55 urte, 1971ko apirilaren 1ean, Ramiro Arrue margolari, ilustratzaile eta eszenografo oparoa. Euskal Herriko bizimolde eta tradizioak eraman zituen bere margolanetara eta lorratz luzea utzi du Arruek euskal imajinarioan.

«Paysant et pêcheurs» Baionako Museoan dago ikusgai.
«Paysant et pêcheurs» Baionako Museoan dago ikusgai. (Guillaume FAUVEAU)

Ramiro Arrue (Bilbo, 1892ko maiatzaren 20a - Donibane Lohizune, 1971ko apirilaren 1a) anai-arreben artean gazteena zen –14 urte zaharragoa zuen anaia nagusia, Alberto– eta umezurtz geratu zen jaio orduko. Ama hil zitzaienez, izeba batek hartu zuen haren haurrak aurrera eramateko ardura. Izebak antigoaleko gauzak salduz ateratzen zuen bizimodua eta Parisen denda zabaltzearekin batera hara eraman zituen haurrak ere. 

Parisen egin zuen Ramirok formakuntza osoa, batez ere Montparnasseko akademia libreetan, eta bertan ezagutu zituen Mogrobejo eta Durrio eskultoreak eta Picasso eta Zuloaga pintoreak, besteren artean. 1910ean sortu zuen bere tailerra Ziburun eta han geratu zen behin betiko, Suzanne Blanchérekin 1929an ezkondu zenetik.

Arte-adierazpeneko hainbat modalitate landu zituen. Esmalteen sorkuntzan askotan lan egin zuen anaia Ricardorekin, eta harekin partekatu zituen zenbait sari, hala nola Parisko Dekorazio Arteen Erakusketako Urrezko Domina (1925).

Ilustratzaile gisa ere lan oparoa egin zuen, obra garrantzitsuetan hartu baitzuen parte: Francis James-en ‘Le mariage basque’ (1926), Pierre Lotiren ‘Ramuntcho’ (1927) liburuetan kasu, eta 1950ean, publizitate-kartel polit —eta oso zabaldu— bat diseinatu zuenean Donibane Lohizuneko tren-geltokirako, non emakume bainulari bat eta arrantzale bat —gizonezkoa— irudikatu baitzituen, turismoa erakartzeko.

Eszenografo modura egindako lana ere oso miretsia izan zen. Eresoinka taldearen eszenografiaz eta jantziez arduratu zen ere. 

Margolari gisa, 1910ean egin zuen bere lehen erakusketa, Bilboko Arte Modernoko seigarren Erakusketan. Hurrengo urtean, bere anaiekin batera, Euskal Artisten Elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta elkarte horren erakusketetan parte hartu zuen. Bere ibilbidearen azken hamarraldian aintzatespen handiko erakusketa garrantzitsuetan hartu zuen parte, hala nola 1960an Bordeleko Udal Ateneoak antolatutako Exposition des Peintres du Sud Ouest deituan, non Sari Handia irabazi baitzuen.

Arrueren obran euskal tradizioa eta bizimoldea irudikatzen duten margolan figuratiboek hartzen dute nagusitasuna. Margotu izan zituen paisaiak aski ezagunak badira ere, batez ere giza irudikapenengatik –nekazariak, arrantzaleak, dantzariak eta pilotariak nagusiki– da ezaguna. Hainbat omenaldi, erakusketa eta atzerabegikoak egin zaizkio gurean.