
XVI. eta XIX. mendeen artean, Euskal Herria matxinada, altxamendu eta matxinaden eszenatokia izan zen, inguru hauetako bizitza soziala eta bere historia markatu zutenak.
Horietako bat, gaur 260 urte piztu zen Azkoitian, XVIII. mendean. Segituan Azpeitira zabaldu eta hurrengo egunetan Gipuzkoa, Araba eta Bizkaira zabaldu zen. Arrazoi zehatza zera zen: urte hartan zerealak zuen salneurri handia, eta merkatariek biltegietan zeukatena saldu nahi ez izateak eragindakoa; testuinguru orokorrago batean, Antzinako Erregimenaren gainbehera eta aldaketa ekonomiko sakonen ondorioa izan zen.
Zazpiren bat familia azpeitiar eta azkoitiarren esku zegoen dena eta horren kontra eta Karlos III Espainiako erregeak hemengo prezioetan eskua sartzearen kontra altxa ziren herritarrak. Amaiera txarreko altxaldia izan zen. Herritar askok, emakumeak gehienak, erruz ordaindu zuten oldarraldia.
Andreek izan baitzuten protagonismo handia matxinada hartan. Frantziar Iraultza baino 23 urte lehenago ez zeuden gauzak lasai gurean ere.
Apirilaren 13an Azkoitiako apaizak bere igandeko sermoian aberatsei eskatu zien ez ateratzeko garaurik ezta jakirik kanpoan saltzeko, eta herritarrei ez baimentzeko janaririk kanpora atera zedin. Hurrengo egunean, bi emakumek gidatutako gurdi batek Leturiondo etxean alea bildu eta Azkarateko bidea hartu zuen. Laster iritsi ziren Egurbide errotara.
Herrira itzuli zirenean kanpaiak jo zituzten, eta inguruko baserrietako jendea Azkoitiko plazara jaitsi zen. Jauntxoak laster agertu ziren eta akordio batera iritsi omen ziren... baina dagoeneko matxinada martxan zegoen.


