Udaberri koloreak
Txankletak jantzita atera gara kalera. Kotxera joan behar izan dugu praka motz batzuen bila. Entsalada prestatu eta tuperretan gorde dugu, gero eguzkitan jateko. Aurpegia busti dugu kaleko iturrietan. Eguzkitako krema sartu dugu riñonera-n. Izozkia erosi dugu meriendarako. Lo hartu dugu hondartzan. Leihoak irekita egin ditugu kotxe-bidaiak. Lagunen herrietako paseo-bideetan presarik gabe oinez ibili gara. Argazkiak atera ditugu sunset-arekin. Trago bat hartu dugu, afalondoren, taberna baten atarian lurrean eserita. Akordatu gara eguzkiak ematen duen balkoi bat eduki nahi dugula etxean. Jertserik gabe, aterkirik gabe, mukizapirik gabe, galtzerdi pare estrarik gabe ibili gara kalean gora eta behera.
Lehenago, jendeari kontra egiteagatik-edo, ahalik eta segurtasun sendoenarekin esan ohi nuen eguraldiak bere horretan ez duela umorean eragiten, ez nirean behintzat, beste faktore batzuk direla kontua. Eta bai, aipatu bezalako aste eguzkitsu-patxadatsua igarotzeko, hainbat faktorek koadratu behar izaten dute; baina kasu honetan ere, borobildu, eguzkiak eta zeru argiak borobildu dute guztia. Plan berbera beste plan bat bihurtzen da, aterkia eta galtzerdi bustiak lagun baldin baditugu. Jarraituko dut geroago ere ahalik eta segurtasun sendoenarekin defendatzen neguan egin dezala neguko giroa eta udan udakoa eta abar; baina era berean, nahi nuke udaberri-koloreak datozen aldiro irits dakigun poz txiki hau kokotera.
Orain, hau idazten ari naizenean, euria ari du kanpoan. Eta honezkero esan dezaket asko-asko eragiten duela eguraldiak umorean, nirean behintzat; eta ez dudala berriz neguko txamarrarik jantzi nahi -mese mese mese- datorren azarora arte-edo. •

«Gurea oso gizarte desmemoriatua da, eta horrek akats berberak errepikatzera eramaten gaitu»

«Zure klubarekin titulu bat irabaztea, titulu bat altxatzea, amesten duzun zerbait da»

