GAUR8

Pirinioetako hartz-populazioa gora doa, baina genetikoki pobretzen ari da

Egun 108 hartz arre daude Pirinioetan. 1996an Esloveniako aleak bertara eraman zituztenetik ugaltzea lortu dute, baina hala ere gehienak hartz ar berdinaren ondorengoak dira, eta horrek jaiotza tasa murrizten du, genetika kaltetu duelako.

Pirinioetako hartz arrea berreskuratzeko programak 30 urte bete ditu. Horren baitan, guztira 108 animalia daude 7.100 kilometro karratuko azaleran gaur egun. Lehenengo biak ipar magalean askatu zituzten, Esloveniatik ekarritako Melba eta Ziva emeak. Ordurako 10 urte zeramatzaten ikerketak egiten eta espeziea ia desagertua zegoen zonaldean. 

Esloveniako beste bederatzi hartz eraman dituzte Pirinioetara orduztik, eta naturalki ugaltzen joan dira. 2024an egindako behin behineko neurketen arabera, 96 hartz zeuden, eta urtebete geroago egindako behin betiko neurketan 108 zenbatu ziren.

Datuak baikorrak diren arren, hazkunde tasa ez da adituek nahiko luketen bezain azkarra. Izan ere, 2025ean 3 hartz-kume besterik ez ziren jaio Katalunia aldean; guztira 8 izan ziren. Aurreko urtean, berriz, 24 kume jaio ziren Pirinioetan, erdia Katalunian. Uste dute arazoa odolkidetasuna izan daitekeela neurri batean; izan ere, 2024ko datuek zioten hartzen %90 inguru Pyros arraren ondorengoak zirela.

2025an identifikatu zituzten animalien artean 54 emeak dira eta 52 arrak. Beste bi animalien generoa oraindik ezin izan dute zehaztu. Ikerketen arabera, 2026 honetan 30 eme inguru prest egongo dira kumeak izateko, baina horrek ez du esan nahi denek lortuko dutenik.