«Farcical»
Farcical ingelesezko hitzak esan nahi du «oso tontoa, inprobablea edo ez-arrazoizkoa», batzuetan modu umoretsuan. Ez nuen hitza ezagutzen baina horrela deskribatu omen zuen John Ratcliffe, CIAko zuzendariak, Benjamin Netanyahuk Iranen aurkako erasoa justifikatzeko azaldutako plana; farcical. Anekdota “The New York Times” egunkarian argitaratu da. Jonathan Swan eta Maggie Haberman kazetariek sinatzen duten “How Trump Took the U.S. to War With Iran” artikuluan. Bertan, ontzen ari diren liburu baterako egindako ikerlanean oinarrituta, xehe deskribatzen dituzte Irani eraso egiteko erabakia hartu aurretik egindako bilkurak eta, haien ustez, nola konbentzitu zuen Netanyahuk Donald Trump erasoa egiteko.
Tramaren abiapuntua otsailaren 11n egindako bilkura da. Ordurako beste bost bisita eginak zituen Israeleko lehen ministroak AEBra Trumpek 2025ean presidentetza berriz eskuratu zuenetik. Mahaiaren alde batean, Netanyahu, David Barnea Mossadeko zuzendaria, eta Israeleko Armadako hainbat buru. Beste aldean, Trump bera, Susie Wiles AEBko kabinete burua, Marco Rubio estatu idazkaria, Pete Hegseth Gerra idazkaria, Jared Kushner presidentearen suhia, eta Steve Witkoff laguna eta delegatu berezia Ekialde Hurbilean. Bilkuraren helburua Irani eraso egiteko aukerak aztertzea omen zen, eta, abiapuntua, aurreko bost bisitetan errepikatutako ideia: Iran mehatxu existentziala da Israelentzat eta, horrenbestez, AEBrentzat.
Bere aurkezpenean Netanyahuk ekintza plan bat proposatu zuen, lau puntutan zehaztua. Lehenik, Iraneko buruzagi nagusiak hil. Gerora izango zuten Teheranen otsailak 28an egitekoa zen bilkura handi baten berri, eta horrek azkartu omen zuen erasoa egiteko erabakia. Bigarrenik, Iranen defentsa sistema balistikoa suntsitu. Aste gutxi batzuetan egingarria zela uste omen zuten eta, honela, Iranek Ormuzko itsasartea eten eta inguruko herrialdeei eraso egiteko gaitasuna galduko zuen, herrialdea babesgabe utziz. Hirugarrenik, babesgabe izanik, eta Mossaden laguntzarekin, barne protestak berpiztu eta indartu zitezkeen. Gainera, kurduen interbentzioa ere aurreikusten zen. Azkenik, erregimen aldaketa.
«Farcical» ondorioztatu omen zuen John Ratcliffe CIAko zuzendariak. Lau puntuak berrikusi eta lehen biak egingarriak zirela uste zuen. Baina barne protestak, kurduen inkurtsioa eta erregimen aldaketarako aukerak, aldiz, «detached from reality» ikusten zituen. Laburbilduz, argi zuen nola sartu ahal ziren, baina ez zeukan batere argi nola atera eta, baldintza horietan, gerran sartzearen arriskuen gaineko kezka nabarmendu zuen. Gerora ikusi dugun moduan, bere mezuak ez zuen arrakasta handirik izan. Artikuluaren egileek diotenez, Trumpek bere asmoa egina zuen ordurako. Baina arazoa ez zen izan inteligentzia akats bat, edo adimen artifizialaren haluzinazio bat, Netanyahuren abilezia baizik.
Artikuluan, egileek aditzera ematen dute Netanyahuk berariaz jarri zuela arreta, bere aurkezpenean, errebolta herritarrean eta erregimen aldaketan, hau da, irteera estrategian, naiz eta bi aukerak izan aurreikuspen inprobableak edo ez-arrazoizkoak, hau da, farcical. Aldiz, modu horretan lortu zuen Trumpek ez aintzat hartzea AEBn erasoak zituen arriskuak; hau da, ahulduta bazen ere, Iranek mantentzea gaitasuna, batetik, Ormuzeko itsasartea itxi eta, bestetik, inguruko beste herrialdeetan dauden AEBko interesei eraso egiteko. Trumpek, esan omen zuen erasoa baieztatu aurreko azken bilkuran, plana ondo ikusten zuela eta erregimen aldaketa «is their problem», argitu gabe nori buruz ari zen, Iran edo Israel. Aldiz, gaur-gaurkoz, bera da, dirudienez behintzat, bere borondatearen kontra Ormuzeko itsasartean blokeatuta dagoen bakarra. •


