GAUR8

Bilboko Konpartsek Txosnagane mendiko ibilaldi neurtuaren izen ematea zabaldu dute

Ekainaren 13an, Bilboko Konpartsek antolatzen duten Txosnagane mendiko ibilaldi neurtuaren XIV. edizioa izango da, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Doakoa da eta bikoteka egin behar da. Maila ezberdineko bi ibilbide daude eta paellada egongo da ondoren parte hartzaileentzako.

Txosnaganeko ibilaldi neurtuaren izen ematea iaz.
Txosnaganeko ibilaldi neurtuaren izen ematea iaz. (Bilboko Konpartsak)

Bilboko Konpartsek Txosnagane mendira egiten ohi den ibilaldi arautuaren XIV. edizioa antolatu du ekainaren 13rako, eta izena emateko epea zabaldu berri dute. Izen-ematea doakoa da eta bikoteka egin behar da ekainaren 11ra arte, Bilboko Konpartsen webgunean. Zehaztu dutenez, gehienez 200 bikotek eman dezakete izena.

Txosnagane mendia, Biderdi, Ganetxiki edo Larrentxu izenez ere ezaguna, Pagasarri eta Ganekogorta mendien artean dago eta 877 metroko altuera du. Aurten, aurrekoan bezala, Bilboko konpartsen federazioak martxaren bi ibilbide tradizionalak antolatu ditu.

Mendian esperientzia duten pertsonentzat 19,48 kilometroko ibilbidea dago eta 854 metroko igoera. Dokumentazioa San Adrian auzoko elizaren aurrean jasoko da 08.15ean, eta leku beretik aterako da, 15 minutu geroago.

Bigarren ibilbideak, irisgarriagoa, 14,39 kilometroko luzera du eta 446 metroko desnibela igoeran. Dokumentazioa 09.15ean jasoko da leku berean, eta hamabost minutu beranduago aterako da.

Martxaren helmuga Atxuriko Gizakunde plaza izango da, auzoko jaiekin bat eginez. Bertan, parte hartzaileek indarrak berritzeko behar den guztia aurkituko dute, eta bertan egingo da sari banaketa, 14.45ak aldera.

Bikote irabazlea ez da azkarrena izango, parte hartzaile guztien batez bestekora gehien hurbiltzen dena baizik. Aurten, parte hartzen dutenek opari berri bat jasoko dute. Sari banaketaren ondoren, gainera, paellada herrikoia izango da Atxuriko jaiak aprobetxatuz, bertako Marmita taldearen eskutik.

Erasoen aurkako telefonoa

Edizio honetan, aurreko edizioan bezala, telefono zenbaki bat jarriko da interesdunen eskura inskripzio orrietan, edozein motatako erasoak salatzeko. Martxan gertatzen den erasoren bat jasoz gero, Bilboko konpartsek laguntza eskainiko diote deitzen duen pertsonari erasoa kudeatzeko.

Izena emateko epea ekainaren 11ra arte egongo da zabalik, tokia libre dagoen bitartean, Bilboko Konpartsen webgunean.