Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Lutxiren guardia zibila

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu den “Lutxi eta zuhaitza” pelikulan datu harrigarri bat agertzen da. Guardia Zibilak Pasaian 1987an Luzia Urigoitia Ajuria Lutxi tiroz hil eta urte batzuetara, gutun anonimo bat heldu zen. Lerro haietan, Errenteria kaleko pisu hartan erakunde militar espainiarrak, inongo lekukorik izan gabe, ETAko kidea atxilotu beharrean hiltzea erabaki zuela baieztatzen zen. Are, eskutitzak ikerlariek argitu ezin zuten detaile bati ematen zion erantzuna: zergatik zegoen lurrean itxuraz jaurtiriko tiroenak baina bala-zorro bat gehiago. Uniformedun batek etxeko txakurrari tiro egin ziola azaldu zuen gutunak, zaunkaka ari zitzaielako. “La infiltrada” ikusi baduzue, bukaeran katuak hartzen duen garrantzia gogoratuko duzue; bada, Madrilen inoiz filmatuko ez duten Urigoitiaren hilketaren pelikula batean, txakurrak ekarriko zuen erantzuna. Izan ere, misterio hori argitzearekin frogatuta geratu zen gutuna idatzi zuena bertan zegoela Lutxi hil zuten egunean; guardia zibiletako bat zela, alegia.

Harrigarria egin zait, bai, ezagutzen dudan salbuespen bakarra baita. Edo ez. Baliteke Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra Landetako baso batean lurperatu zutela azaldu zuen CESIDeko kide ohiak ere egia esan izana; kasu horretan, gainera, izen-abizenak emanda. Lekukotasunak sinesgarria zirudien behintzat hasiera batean, baina, frantziar agintariek beren lana ondo eta premiaz egin ez zutenez, ezer jakin gabe segitzen du familiak.

Kasu bat edo bi, ez besterik. Gainerako hilketei buruz, bahiketei buruz, torturei buruz, hitz bat bera ere ez. Isiltasunaren Legea ondo ezarrita dago Estatu terrorismoaren inguruan hamarkadotan zehar, batek daki ordainpean edo musu truk -“militantzia” hutsez-. Eta egindakoaz damuturik edo behintzat urte asko pasatuta egia agerrarazi nahian ahotsen bat altxatu den kasuetan ere, alferrik izan da.

«Justiziarekin kolaboratzearen» mantra besteentzat asmatua da, Estatuaren aurkarientzat. Baina Euskal Herrian jada ia 6.000 tortura kasu ofizialki egiaztatu badira, zenbat lirateke horiez zerbait argitu lezaketen guardia zibilak, polizia espainiarrak, ertzainak? Era anonimoan besterik ez bada? 10.000? 20.000? 50.000? Kontua ez da soilik ez dela ezagutzen torturarik (edo hilketarik, edo desagerpenik...) aitortzen duen gutunik, eskatu ere ez dela eskatzen baizik, horiek ezkutatzea gauza guztiz normala eta onargarria balitz bezala. Beste larrigarri bat ahaztu gabe: gutun horiek agertuko balira ere, ez zuten ondorio judizialik ekarriko, bistan da, Trintxerpeko etxean den-dena ikusi zuen guardia zibil horrenak inolako eraginik izan ez zuen bezala.

Justizia ekartzeko ez zuen balioko, jakina; egia ezagutzen laguntzeko, bai. Eta ez da gauza makala egia. “Egiari Zor” du izena Estatuaren biktimak biltzen dituen fundazioak, eta ezin egokiagoa iruditu zait beti kontzeptu hori, tenore historiko honetan egia baita indarkeria hura pairatu zutenen sendabide nagusia, bai eta pairatu ez zutenen irakaspen politikorako ardatza ere. Baina isilik hil direnentzat edo isilik segitzen dutenentzat, baita itzalpetatik besteak isilarazteko lanean jarraitzen dutenentzat ere, gakoa ez da justizia, ezta egia ere; gakoa sufrimendua betikotzea da.

ETAko azken zuzendaritzari Iñaki Sotok egin zion elkarrizketa-liburuan, pasarte argigarria zetorren, batzuen eta besteen borondatea neurtzeko baliagarria. 1973an Ipar Euskal Herrian desagertutako Galiziako hiru langileei buruz galdetuta, hausnarketa hau luzatu zuten ETAren ordezkariek: «Gertaera argitzea bidezkoa iruditzen zaigu. Familiek merezi dute. Eta baldintza egokiak sortuko balira, gu ere gehiago saia gintezke». Kontrako lubakian, ordea, inork ez zion aukera horri kasurik egin: ez Estatu-egiturek, ez biktima-elkarteek, ez Gasteizko Memorialak, ez hedabide hegemonikoek... Egia hutsaren hurrengoa baita beraientzat, «argitu gabeko hilketen» diskurtso ofizialean kontrakoa irudikatu arren. •