
Oinetakoak jantzi, kalea hartu eta milaka pertsonak toki berean bilduta erreibindikazioak eta sentimenduak partekatzeak duen indarra eztabaidaezina da, gogorarazi zigun 7k aldizkarian Garazi Aranguren arkitektoak. Hirigintzaren arloan ere izan dira militantziak, horien artean Jane Jacobs-ena, eta arkitektuengan izan zuen eragina handia izan zen.
Jane Butzner (Scranton, Pennsylvania, 1916ko maiatzaren 4a - Toronto, 2006ko apirilaren 25a) 19 urteko gazte errebeldea, ezkondu ondoren Jacobs abizena hartuko zuena, 1935ean New Yorkera bizitzera joan zen. Bertan idazle eta kazetari gisa aurrera egin zuen, denbora librean hiriko gune berriak esploratzen zituen bitartean. Irteera horietako batean Manhattango Greenwich Village auzo historiko bohemioa ezagutu zuen, ahal bezain laster bere bizitoki bihurtu zuena.
Baina ez zen denbora asko igaro eta Robert Moses-ek LOMEXa (Lower Manhattan Expressway) bertatik pasatu nahi zuela iragarri zuen, horretarako auzo hau eraitsiz. New Yorkeko garapen urbanistikoaren ordezkaria zen Robert Moses. Haren etorkizuneko hiriaren irudia ibilgailu pribatuaren erabilera pribilegiatzen zuten eredu sinpleetan oinarritzen zen, 50eko hamarkadako modako ideiekin bat etorriz. Ideia hura gauzatzeko komunitate osoak lekualdatu zituen, haien etxebizitzak suntsitu eta aldirietara bidaliz.
Jane Jacobsi, auzo txiki eta biziak hiriko altxor kontsideratzen zituenari, ikara sortu zion albiste honek. Ezin zuen hau horrela izan zedin utzi, eta Moses erraldoiari aurre egin behar zitzaion. Berehala Washington Square babestu eta trafikoa ixteko auzotarren kanpainara batu zen. Protesta, manifestazio, kontra-publizitate eta presio politiko guztiei esker, 1959an proiektua gelditu zuten.
Aldi berean, kazetaritzaren arloan, hirigintzaren inguruan sakontzea erabaki zuen. Auzo ezberdinak ikertuz, filosofia bat garatu zuen, ‘The Death and Life of Great American Cities’ (1961) liburu eraginkorrean laburbildu zuena. Han, hiri-plangintzek erabilera mistoak, espazio publikoak eta biztanleen aniztasuna jaso beharko lituzketela idatzi zuen, eraikin zaharrak balioetsi eta defendatu, eta automobilean oinarritutako eraikuntza saihestu.
Jacobs figura guztiz deserosoa zen establishment-arentzat. Ez zuen prestakuntza espezifikorik, ez zen arkitektoa edo hirigilea, ez zetorren familia aberats batetik, zorrotza, argia eta komunikatzaile ona zen eta, okerrena, emakumea zen. Baina berak utzitako lorratza bizirik dirau.

