Militantziaren errelatoa, errelatoaren militantzia
Militantziaren errelatoa edo memoriaren eraikuntza. Eta militantziaz ari naizenean ez naiz ari lehen lerroko figura horretaz soilik, bere inguruaz ere ari naiz, finean, orain arte ezagutu, jaso eta argitara eman ez diren militantzia praktika ezberdinen errelatoez. Batzuon bizitzan zeregin garrantzitsua. Niretzat halaxe izan da behintzat azken urteetan zehar, eta baita duela bi aste hil zen lagun handi batentzat ere, Jokin Urain Kixkur-entzat. Horretan eman zuen bere bizitzaren zati handi bat, sinetsita zegoelako guk ez badugu egiten ez duela inork egingo.
Azken horri deritzot nik errelatoaren militantzia. Testigantzak jasotzen lan egitea, isildutako istorioak eta historia argitaratzen.
Guztiz bat egiten nuen eta dut horretan Kixkurrekin. Bai memoria jasotzeak duen garrantzian, bai eta zeregin horren inguruan bizitzeko modu bat egitean ere. Bere heriotza baino lehenago jada inguruan esana nuen behin baino gehiagotan, azken urte luzeetan nire militantzia sorkuntzan topatzen nuela, ez beste inon. Dokumentalak egiten, liburu bat idazten edo antzerki bat idazten laguntzen. Poesia idazten edo hitzaldietako testuak idazten eta irakurtzen. Denak militantziaren errelatoarekin zuzenean edo zeharka zerikusia duten lanak; denak isilduak izan diren ahotsak argitara ateratzearekin lotuak.
Hor sentitzen naiz eroso, eta, aurrekoan asko maite dudan pertsona batek esan zidan bezala, agian hori da nire borroka esparrua. Bada, agian bai, ez dakit, baina dakidana da memoria egiten jarraitu nahi dudala eta sorkuntzaren ertz ezberdinek ematen didatela horretarako bide. Hiletan esan nizun bezala Kixkur: zuk erakutsi eta lagundu zenidan bezala, aurrerantzean ere memoria idazten jarraituko dut. Militantziaren errelatoa errelatoaren militantzia bilakatuz. •



